Mikel Aramendi | Kazetaria
Hago isilik, hobe dun-eta
Informazio apur bat duen edonork gogoratuko du Lagarde andereak Nazioarteko Diru Funtsetik urtero jasotzen dituen 380.939 euroengatik ez duela xentimo triste bat ere ordaintzen zergatan
Zergatik ez ote dute gure handi-mandiek, Erroman garaitza ospatzeko ohore paregabea zuten buruzagiek bezala, eramaten beti alboan «Memento mori» gogoraraziko dien jopu bat? Edota hori klasikoegia eta makurregia litzatekeela baderitzote, zergatik ez dute beti ondoan, belarriak buxatuta eta antiojo beltzak jantzita dituzten gorila trajedun horietakoren bat birziklatzen, noiz edo noiz ikastegian irakatsiko zietena etengabe errepika diezaieten: «Esan dezakezun zernahi, zeure aurka erabili ahalko da...». Edo, askoz hobe, aurrerapen teknologikoen garaian gaudenez: zergatik ez diete eztarriko zuloan aparailutxo bat instalatzen, inoiz ahoskatu behar ez dituzten hitz tabuak, oharkabean esanda ere, ahotik kanporatu baino lehen isilaraziko dituena?
Horrelako zerbait behar zuen, adibidez, Christine Lagarde andereak. Bere ahotik inork inoiz ez duela «zerga» hitza entzun behar gogoraziko liokeen zerbait. Bestela, greziarrek zerga guztiak ordaindu behar dituztela esan duenean gertatu dena gertatzen delako, ezinbestez. Hau da, informazio apur bat duen edonork gogoratu duela Lagarde andereak Nazioarteko Diru Funtsetik urtero jasotzen dituen 380.939 euroengatik ez duela xentimo triste bat ere ordaintzen zergatan, ez zuzenean eta ez zeharbidez. Eta askok -greziar gehien-gehienek, apustu- mentalki bederen zuzendu diogun epitetoa, iragan ostiralean milaka lagunek Esperanza Agirreri helarazi ziotena, edo oso antzekoa, izan dela. Beharbada, greziarren ganoragabekeriaren estereotipoa onartzen dutenen txaloa esperoko zuen; eta ezta hori ere! Gauzak esateko, ahots-kordez eta mihiaz gain, duintasun minimo bat behar baita... Eta nork du zilegitasun minimo hori hor goialdean «zerga» hitza aipatzeko?
Anekdotatik kategoriara jauzi egiteko parada aurkezten baitigu pasadizoak. Iragan hamarkadetako bilakaera sozio-ekonomikoak eta, batez ere, krisian murgilduta daramatzagun urte hauek egitate gero eta gordinagoa azalarazten baitu: gure gizarteak bi estamentu etsaitutan zatitzen ari direla, gero eta bizkorrago. Alde batetik, era guztietako zerga eta petxak, zuzenekoak nahiz zeharkakoak, ordaintzea beste erremediorik ez dugunon gehiengo txit zabala, gero haien erabilpena zertzerakoan gure erabakimena hutsaren hurrengoa izaten bada ere. Eta bestetik, gero eta zerga gutxiago ordaintzen dituelako orduan eta aberatsagoa den minoria bat, ahalik gutxien gizentzen dituzten dirutza publikoetatik ahalik gehien jasotzen bereziki trebatua, tax exile kontzeptua bezalakoak asmatu eta onartzeko gai dena. Elkarrengandik gero eta aldenduago dauden bi estamentu. Historian batere berria ez den gizarte duala, dena esatearren.
Dualtasun horren alderdirik erosoenean daudenentzat, noski, tabua izan behar du «zerga» hitzak. Berehalaxe ulertu zuen hori Mitt Romney-ren hauteskunde lantaldeak, haren zerga ordainketa lotsagarrien inguruko ika-mika sutu zenean. Eta horixe bera gogorarazi behar lioke norbaitek Christine Lagarde andereari. Bestela, jopuok esnatu eta asaldatu egin gaitezke. Gizarte dualen betiko kontua, alegia.