GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mila Elorza Laspiur, Raul Oloriz Espinal | AHT Gelditu! Elkarlana

Ekainaren 2an, Hernanin, AHT Gelditu!

Auzi honetan gure herriarentzat nahi dugun garapen-ereduaren, lurralde antolaketaren eta, azken batean, jendarte ereduaren giltzarrietako asko gordetzen dira

Larunbaterako, ekainaren 2rako, AHT Gelditu! Elkarlanak mobilizazio nazionala deitu du Hernanin Euskal Y-aren obrak kalteturiko eremuan giza kate bat eginez ekonomian, jendartean eta ingurugiroan kalte larriak eragiten ari den makro-proiektu hori geldi dadin aldarrikatzeko. Hori dela eta, AHTren aurkako iritzia duten pertsona eta erakunde guztiei arratsaldeko bostetan Hernaniko Osinaga auzoko Elorrabi sagardotegiko aparkalekutik (herriaren erdialdetik 2 kilometrotara) abiatuta egingo den mobilizazio honetan parte hartzera dei egiten diegu. Giza-kate batek osatutako martxak, AHTk kalteturiko sagardotegi eta baserri lurrak bidez bide inguratuko ditu, eraikuntza-lanak Urumea bailarako bazter hauetan eragiten ari diren hondamena bertatik bertara salatzeko.

Gogor salatu nahi dugu EAEko, Nafarroako eta Espainiako Gobernuek, murrizketa sozial izugarriak pairatzen ari garen une honetan, 831 milioi euro inguru xahutzeko asmoa dutela aurten AHTren lanetan: horietatik 695 milioi euro Euskal Y-an eta beste 136 milioi euro Nafarroako Korridorean. Hots, jendarteak dauzkan behar ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartu gabe eta ingurumenari izugarrizko kaltea eraginez, «inbertsio» publikoa delakoaren osoaren %60 baino gehiago AHTren obran alferrik galtzera doaz. Esan gura da baita gutxi axola zaizkiela murriztuak izaten ari diren edota zuzenean bete gabe gelditzen ari diren behar sozialak, etxebizitzari, hezkuntzari edota osasunari dagozkionak, baita bizi garen lurralde aski hondatuan AHTren lanekin eragiten ari diren itzulerarik gabeko kalteak ere. Era eskandalagarrian, gero eta handiagoa da AHTren lanetan egiten den gastua eta egitasmo honen «arrakasta» eraikitzen ari diren kilometroen kopuruan neurtzen dela ematen du besterik gabe, gobernuek krisiaren kostuak sektore herrikoien bizkarretan kargatzen dituzten eta eguneroko bidegabekeriak gogortzen doazen bitartean.

Estatu espainiarra abiadura handiko kilometro gehien duen herrialdea bilakatzeko bidean dago, baita hondamen ekonomikoaren eta «corralito» finantzarioaren bidean ere. Patxi Lopezek adierazi zuenez, AHT krisia gainditzeko neurrietako bat omen da, sortuko lukeen lanpostu kopurua oso txikia litzatekeela ahaztuz.

Obraren lan-esplotazio baldintzak, gainera, bost hildako eta zortzi langile larriki zaurituak utzi ditu jada. Yolanda Barcinak hitzez hitz errepikatu du gidoia, AHTk Nafarroan 10.000 enplegu sortuko lukeela iradokitzean. Horiek bota, eta lasai-lasai gelditu dira...

Arrazoi asko dago egitasmo honen obrak gelditzeko eta AHT ez da sekula abian jarri behar, krisia izan edo ez izan. AHTren errentagarritasun ekonomikoa eta erabilgarritasun soziala hutsak izateaz gain, funtzionamenduak zuzenean kalteturiko herrien ingurumenari eta bizi-kalitateari eragindako kalte latzak azpimarratu behar dira. AHT garapen jasangarriarekin bat datorrela etengabe esaten ari zaizkigun arren, egun, politikarien zilegitasun ezak ageriago uzten du beraien diskurtsoen sinesgarritasun falta.

Testuinguru honetan, jendartean inolako adostasunik eta zilegitasun publikorik gabeko azpiegitura handi horren eraikuntzak lurraldearen kudeaketan herrien eta udalen subiranotasuna zeharo zapuztuz aurrera jarraitzen du: Hernaniko udalerrian, kasu, AHTren inpaktu bortitza dela-eta Urumea bailaran eta Oindi-Adarra mendi magalean ongi kontserbaturiko nekazaritzarako lur-eremuak eta baserrialdeak duela zenbait astez geroztik erabat degradatuak izaten ari dira.

Horregatik guztiagatik, AHT geldiarazteko borrokarekin aurrera segitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Auzi honetan gure herriarentzat nahi dugun garapen-ereduaren, lurralde antolaketaren eta, azken batean, jendarte ereduaren giltzarrietako asko gordetzen dira. AHTren aurkako erantzuna, gure ustez, etorkizunari begira egindako apustu bat ere bada, hain zuzen ere, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki gero eta gehiago zalantzan jartzen ari den egungo eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakon baten alde egindako apustua.

Eta ondorioz, gaur egun sistema kapitalistaren aurrean bestelako alternatibak eraikitzeaz eta euskal herritarrek beren etorkizunaren gainean erabakitzeko duten gaitasunaz zuzenki gero eta gehiago hitz egiten denean, ezin dugu ingurumenean eta gizartean dituen eragin bortitzengatik eta bere kostu ekonomikoen tamaina itzelarengatik gure herriarentzat edonolako gizarte eta ekonomia eredu alternatibo hipotekatzea dakarren mega- proiektu horren inposizioa onartu.

Aldi berean, Donostian atzo epaitu zituzten AHTren kontrako hamaika aurkariei ere elkartasuna agertzen diegu. Elkartasuna agertzen diegu ere Yolanda Barcina nafar lehendakariari tartak botatzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean 4 eta 10 urte arteko espetxe zigor neurrigabekoak eskatzen dizkieten AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduko lau ekintzaileei.

Argi dago AHTrekiko oposizioa isilarazten gogor saiatu direla. Izan dezagun egoera honi buelta emateko gaitasuna. Irudimenarekin, determinazioarekin, desobedientziarekin eta irribarrez lortuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo