Benitoren biografia espirituala idatzi dute Aristik eta Markezek
Hizketan ari denean zuziak bezala pizten zaizkion begi-niniek harrapaturik, Mikel Markezek eta Pako Aristik hilero afari bat egitea proposatu zioten Benito Lertxundiri. Hala elkartu dira lauzpabost urtez, eta orain, liburu baten bidez zabaldu nahi dute oriotarrak emandako oparia.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Benito Lertxundiren bila abiatu ziren bi pertsonaren ikerketa da «Plazer bat izan duk, Benito!». Artista honen bila abiatu ziren Mikel Markez eta Pako Aristi, eta beraz gain, euren burua aurkitu dute ispiluan. «Biografia espiritual» gisa definitu zuten egileek Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika beka irabazi duen liburua, baina ez espiritualtasuna erlijio zentzu hertsian ulertuta, bizitzarekin orokorrean daukagun harreman zabal eta sakon horren moduan baizik. Bere kantuetan sumatzen da pixka bat kantautorearen mundu aberats hori, eta barrenean gordea zuena azaleratu dute urrestillarrak eta errenteriarrak.
«Biografia espiritual autorizatua da», zehaztu zuen Aristik atzo, ostiraletik igandera Larrabetzun izanen den Literaturiaren barruan egindako aurkezpenean. Eta «autorizatua, baina oso askea», erantsi zuen Markezek, testua irakurtzeko eman diotenean Lertxundik aldatu duen gauza bakarra bere esaldi batzuen formulazioa izan delako. «Ez du hitz bat ere ukitu Pakok eta nik idatzi dugunetik».
Egunero hiltzen, eta jaiotzen
Lauzpabost urtez, hilero-hilero elkartu dira Aristi, Markez eta Lertxundi, batean Urrestillan, bertzean Aian eta hurrengoan Orion. Hasieran afariak egiten zituzten, gero bazkariak. Dena den, mahai-inguruak beti luzatzen ziren sei edo zazpi orduz. «Nahi genituenak galdetu dizkiogu; berak erantzun ere bai. Baina beti berrituta heltzen zen otordu bakoitzera, misterio berriekin, lilura berriekin, fantasia berriekin, kezka berriekin, haserre berriekin», kontatzen dute egileek liburuan.
«Ni egunero hiltzen naiz, eta egunero jaiotzen naiz», adierazten zien Benitok. Eta solaskideek bere aurpegia aldatzen ikusten zuten otorduak irauten zuen denboran, bizi izan dituen adinak berriro bizitzeko gai balitz bezala. «Umea zen batzuetan, gazte nerabe sexuzalea besteetan, heldutasuna ulertu ezinik dabilen heldua, aittona sentitzen den aita, batzuetan zahartu egin zela zirudien, eta hurrena, gazteturik, mahaia joko zuen ukabilkada batekin».
Aristik bazekien Oriokoak aspaldi Leonard Cohen ezagutu zuela, eta istorio polita zela eta kontatzeko eskatu zion. Orduan, haserre, mahaia kolpekatu eta horrela mintzatu zitzaien lagunei: «Zuek zer nahi duzue, liburu amable bat egin anekdotak kontatuz?». Ez zuen kontatu istorio hori eta idazleei garbi gelditu zitzaien ez zuela liburu tipikorik nahi, bitxikeriaz, irudiz eta musikaz hornitutako lan multimediarik.
Horren harira, argi hitz egin zuen Urrestillakoak, editoreen eta entzuleen irribarrea marraztuz: «Argitaletxearen kontra doa hau, baina ez da liburu erraza. Ez dugu inor engainatu nahi. Baina oso interesgarria da, nobedosoa». «Gai hauek ez dira inoiz idatzi Euskal Herrian», adierazi zuen Benitok berak lana irakurri eta gero.
«Hibrido handi bat da liburua», deskribatu zuen Aristik. Benitoren mundua jasotzeko ahalegin horretan, ipuinekin, poesiarekin, tarotarekin eta bertze hainbat elementurekin egin duten nahasketa bat. Bertan, hiru adiskideak agertzen dira pertsonaia gisa, baita parte hartzera gonbidatu dituzten lagun gehiago ere, Ibon Gaztañazpi arraunlari eta kazetaria, Eñaut Elorrieta eta Patziku Perurena.
Benito Lertxundirekin izandako solasaldietan, 50 bat ordu grabatu zituzten Mikel Markezek eta Pako Aristik, eta guztia transkribatu eta garbira pasatu zutenean hagitz material aberatsa zutela jabetu ziren. Forma literarioa behar zuen, ordea, Benitok ez zuelako profeta bezala agertu nahi, «hona nire hitza» erranez. «Hobeto da zuek egitea gogoeta, zuen barnerako bidaia gai askoren inguruan», adierazi zien adiskideei. Orduan, hauek materiala gaika sailkatu zuten, eta gero bakoitzak hurbilen sentitzen zituenak aukeratu eta landu egin zituen.
Markezek topaketa hauetatik gordetzen duen «altxorrik garrantzitsuena» askatasun mentala da. «Benitok buruko gimnasia egiten irakatsi dit. Edozein gai dela, horren aurreko jarrera irekia izaten». «Hori klabea da bere bizitzan», jarraitu zuen Aristik. «Zu zauden lekuan ez dago beste inor; zu zaude, eta zu zara zure lezioa». Benitok beren adimena lantzera eta ahalmena martxan jartzera animatzen zituen lagunak solasaldietan. «Zure autoritate bakarra zu zara, izan konfiantza zure adimenean», erraten zien. M. I.
Mila gairi buruz mintzatu dira: arrauna, musika, nortasuna, tarota, depresioa, erlijioa, politika, biolentzia, dirua... Eta denetan azaltzen da Benitoren askatasuna, askatasun mentala.