GARA > Idatzia > Kultura

Haatik-en «Errimak oinetan» dantza emanaldia da begientzat, eta bertso saioa belarrientzat

Haatik Dantza Konpainiak ez du lan makala prestatu bere burua aurkezteko. «Errimak oinetan» dantza emanaldiak galdera bati erantzun nahi dio: bertsoen entzulea dantzaria balitz, nola adieraziko luke jasotakoa?

p049_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Telefono dei batekin hasi zen dena», oroitu zuen Aiert Beobide dantzariarekin batera «Errimak oinetan, dantza berriak bertsoei jarriak» dantza emanaldia zuzendu duen Unai Elizasuk. Irratian dantzariei egindako elkarrizketa bat aditu zuen gai-jartzaileak; dantzariak oholtzan daudenean publikoari transmititzeko zer zailtasun izaten dituzten azaltzen ari ziren, eta Elizasuk, bertso saioetan ere horretan ahalegintzen direnez, Onintza Odriozolari eta Beobideri deitu zien. «Bulebarreko terraza hartan gelditu eta pentsatu genuen: Bertsolarien entzuleak dantzariak balira, nola adieraziko lukete jasotakoa?».

Galdera horren erantzuna da «Errimak oinetan», bertsolaritza oinarri duen dantza emanaldia. Haatik dantza konpainia berriak jarri ditu oinak errimetan eta errimak oinetan. Dantza berriak, bertsoei jarriak.

Beobidek jakinarazi zuenez, ibilbide luzea egina dute Haatik-eko bost dantzariek, Maitane Mujika, Garazi Lekuona, Gotzon Poza, Iurre Aranburu, Odriozola eta berak. Elizasuk deitu zienean beren konpainia sortzen ari ziren eta proiektu berriak bilatzen zituzten. «Kostako zaigu horrelako beste emanaldi bat sortzea!», adierazi zuen zuzendariak. Bertso jaialdiaren egitura eman diote ikuskizunari. Hala, belarrietatik bertso saioa jasoko du publikoak, eta begietatik dantza emanaldia.

Joan den igandean aurrestreinaldi «pribatu samar bat» egin zuten eta bost dantzariek primeran pasatzeaz gain, dantza mundutik zetorren publikoa harrituta gelditu zen mezuarekin, eta bertso mundutik zetorrena, aldiz, dantzarekin. Bi adierazpide artistikoek elkar elikatzen dutela ikusi zuten, eta publiko ezberdina erakartzeko esperantza dute.

Gaurkotasunaz gogoeta

Aiert Beobidek lana sortzerakoan izan dituzten zailtasunak aipatu zituen, koreografikoak eta espresiboak, bertsoek bere mezua daukatelako eta dantzariak ezin zirelako mezu horretatik atera. Mezu hori indartu egin behar zuten. Pixkanaka aurrera egin dute eta hasieran zaila zena esaldiz esaldi, hitzez hitz joan dira sortzen. Orain, gustura eta kontent gaude emaitzarekin. Banakako eta binakako ariketak, puntutakoak... Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea izan da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea, kantu ezagunei eta bertso sorta berriei mugimendua emanez.

BERTSOEN EGILEAK

Sustrai Colinak idatzi ditu bertsoak, eta Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaravillek egin dituzte bertso musikatuak. Ahotsak Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregirenak dira.

Agenda

Kultur Leioa: Leioan, ekainaren 2an, 20.30ean.

Ondarroako Kafe Antzokia: Ondarroan, ekainaren 17an, 19.00etan.

Sanagustin kulturgunea: Azpeitian, uztailaren 1ean, 19.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo