Borondatezko lanean oinarrituko den Edo! argitaletxeak «ezohiko» lanak plazaratuko ditu euskaraz
Borondatezko lanean oinarritu eta irabazi -eta galera- asmorik gabeko egitasmo autofinantzatua da Edo! argitaletxea. Irailetik aurrera hasi nahi dute euskaraz ohikoak ez diren lanak kaleratzen.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Bi urteko lan, eztabaida, bilera eta kafe inguruko solasaldietatik sortu da Edo! argitaletxea, egun literaturan dagoen eskaintza osatzeko eta aberasteko helburuarekin. «Hitz egiten hasi ginen ea nola egingo genukeen argitaletxe bat eta eztabaida horren atzean zegoena zen euskaraz faltan botatzen genituela liburu mota batzuk eta, batez ere, merkatuaren testuingurutik, zentzu hertsi batean behintzat, aterako liratekeen zabaltzeko moduak, gauzak egiteko moduak», azaldu zuen Oier Guillan idazleak eta argitaletxeko talde eragileko kideak.
Hamar kidek osatzen dute talde hori eta hasiera batean, eztabaida horretatik, argitaletxe digital bat egiteko asmoa otu zitzaien, «Internetek eskaintzen dituen baliabide guztiak aprobetxatuz», baina, prozesuan aurrera egin ahala, papererako pausoa ere egitea erabaki dute, «bi zutabe horiek izango lituzke», azaldu zuten.
Euskaraz argitaratuta ikustea ohiko ez diren testu eta lan grafikoen hutsunea bete nahi du argitaletxeak: pieza laburrak, poema edo narrazio solteak, antzezlan eta gidoiak, album laburrak... Borondatezko lanean oinarrituko da eta «antolaketa aldetik ekarpen berri bat ere egiten du. Bileretan funtzionatzen du eta denen artean hartzen dira erabakiak, zer argitaratu, nola, non...», argitu zuen Imanol Epeldek, talde eragileko kidea hau ere. Bilkuretan edo batzarretan, modu asanblearioan hartuko dira, beraz, erabakiak. Lanak ere horrela banatu nahi dira, taldetan. Horretarako, jendearen parte-hartzea bultzatu eta proiektua bideragarri egingo duen kanpaina bat jarri dute martxan. Hiru motako parte-hartzea proposatzen dute. Batetik, bazkideak egongo lirateke. Urtero diru kopuru bat jarriz (100 euro), proiektuan parte hartu ahal izango dute eta urtean digitalki zein paperean argitaraturiko lan guztiak jasoko dituzte (urtean bost gutxienez).
Bestetik, harpidedunak egongo lirateke. 50 euroren truke, argitaletxearen publikazio gastuak ordainduko lituzkete eta argitalpen guztiak jaso. Proposamenak egiteko aukera izango lukete, baina ez erabakietan parte hartzeko. Eta azkenik, lankideak, lan talde ezberdinetan parte hartu nahi dutenei zuzendutako figura litzateke, diru ekarpenik gabe.
«Kalkulatzen dugu 250 bazkide-harpide beharko genituzkeela proiektua aurrera ateratzeko», esan zuen Epeldek eta San Juan eguna, ekainaren 24a jarri dute epe moduan. «Ikusiz gero, ekainaren bukaeran kopuru nahikoa dugula eta bideragarria dela ekonomikoki, behintzat ez duela zulorik utziko, irailetik aurrera argitaratzen hasteko moduan geundeke», gaineratu zuen. Parte hartzeko aukera eta gainerako informazioa www.argitaletxeaedo.org atarian dago zabalik.
Hiru bildumatan banatuko dira Edo! argitaletxeko argitalpenak eta irailetik aurrera espero dute kaleratzen hastea. Begikoak izenekoan, album ilustratuak, nobela grafikoak, argazkia edo arteari eskainitako lanak izango dira. Dagoeneko lanean ari dira Maite Gurrutxagaren eta Gari Garaialderen lan banarekin. Literola bilduman, berriz, saiakerak, narrazioak, poesia, antzerkia... bilduko dira, «Gen Eroa deseraikitzen» artikulu lana esaterako. Azkenik, Xortak deiturikoan, orrialde gutxiko testuak kaleratuko dira: hitzaldiak, saiakera laburrak, iritzi artikulu luzeak, elkarrizketak... Honetarako Harkaitz Canoren hitzaldi bat eta Samara Velteren «Eta Karmele?» antzezlana aurreikusi dituzte. A.A.