GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Laboa, Xabier Lete eta Imanol omenduak izango dira Bilboko Euskaldunan igandean

Musikari bakoitzari kontzertu bana eskaini eta gero, Euskalduna Jauregiak hartuko du ekainaren 3an omenaldi zikloari amaiera emango dion jaialdia. ETBk grabatuko du ikuskizuna aurrerantzean emititzeko.

p047_f01_98x93.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Igande honetan, 19.30etan, eta Euskalduna Jauregian, “Imanol, Mikel Laboa, Xabier Lete eta gu kantatzen” ikuskizunak emango dio amaiera maiatzaren zehar hiru musikarien omenez garatutako zikloari. BBK Kantak egitasmoaren barruan, kontzertu bana eskaini zitzaien Bilboko BBK aretoan. Kantariak eta musikariak ez ezik, dantzariak eta berstolariak ere bertan izango dira ikuskariari «bizitasuna» emateko asmoz.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan, euskal kantuaren alde hainbat eta hainbat ekitaldiren arduraduna Angel Mariezkurrena antolatzaileak esan zuen  igande honetakoa «Euskal kantu eta kulturaren aldeko kontzertua» izango da. Jaione Olazabal, Patxi Saiz, Niko Etxart, Kattalin Indaburu, Amaia Riospeyrous, Alberto Zunzarren eta Patxi Mariezkurrena izango dira omendutako musikarien kantak abesteko ardura hartuko dutenak, baita beren kantak egitekoa ere.

«Musikari ikaragarriak eta talde ederrak» dira, Mariezkurrenaren esanetan, aipatutako guztiak. Bestalde, Sustrai Kolina eta Aitor Mendiluze bertsolariak zein Leitzako dantzariak ere egongo dira Euskaldunan, ikuskizunari «bizitasuna» emateko. Leitzakoek, besteak beste, jatorriz bizkaitarra den ezpatadantza egingo dute.

Gogorazi zuen ere igandeko kontzertua «denok parte hartzekoa» dela.

Musikariak

Prentsaurrekoan, Juantxo Zeberio pianojoleak Euskaldunakoa «abentura eta ospakizuna» dela esan zuen, bertan egongo diren musikariak omenduekin lan egin dutela gogoratuz; izan ere, aurreko kontzertuetan  hainbat «sentsazio berreskuratu» dituztela aitortu zuen.
Zeberiorekin batera Peio eta Xabi Brave eta Maider Cigaroa soinulariak, Txema Garces bajujolea, Jose Ramon Mitxelena gitarrajolea, Mikel Andueza saxojolea, Hasier Oleaga baterijolea eta Francisco Herrero bibolinjolea egongo dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko babeslearen atarian  www.bbk.es, orotarako kutxazainetan eta 94 431 03 10 telefonoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo