GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Urteak egitea

Urteak betetzen joatea ez omen seinale txarra. Hori diote urteetan aurrera joan eta haurrak bailitzan berriz ere urtebetetze eguna noiz ospatuko zain jartzen diren emakume eta gizonek. Haurretan egun handi zen hura, urteko handiena kasik. Egun horretan izan ere bazirudien dena gelditzen zela, zer eta zure urtebetetze eguna ospatzeko. Gurasoak lehendabizi etxean, eskolara bidean lagunak, hara iritsitakoan gelakideak, bazkalordu eta afalorduan telefonoz aiton-amon eta osaba-izebak. Gogoan daukat gaua iritsi eta ez nuela oheratu nahi izaten gauerdira arte, ahalik eta zuku gehien ateratzeko egunari, berriz ere atzera zenbaketan jarri aurretik. Gaztarora iritsitakoan, urtebetetzea parranda majo bat botatzeko aitzakia ezin hobea bihurtu zitzaigun; guztienak ospatu behar izaten genituen eta horretarako parranda beste planik ez zitzaigun bururatzen.

Gaztaroa pasatuta urtebetetze egunaren zoroa gainbeheran hasten da ezinbestean. Ia beste erremediorik gabe urteak betetzeak apenas pozik eragiten dizula esan beharrean zaude. Nola esan haren zain egoten zarenik, biurtekoak maite dituzula urtebetetze eguna berriz ere asteburura gerturatzen dizutelako edota gauerdira arte ez zarela oheratzen, despistaturen batek mezu bat bidaltzen dizun jakiteko? Hori ezin da esan; ez da pertsona serio eta kabalek esan beharko luketena behintzat. Lanera edota lagunartera jatekoren bat eraman behar izaten da, baina hura ere ia obligazioz egiten duzula dirudiela ia; eta eguna nola pasa duzun galdetzean... «besteen antzera» esan eta kitto! Epel-epel.

Gaztetasunak halako lilura eragiten duen egun hauetan sentsazioa daukat bizitzako erdi pareko urte hauetan haurtzarotik ahalik eta gehien aldendu eta zahartzarora ez iristeko ahaleginean bizi garela pertsonok eta horregatik saiatzen garela urtebetetze eguna bera isilpean edo disimuluan igarotzen.

Ez dakit seguru berriz ere noiz hasi behar duen batek etsi eta bere urtebetetze eguna dela eta poza erakusten. Nik adinean aurrera egindako zenbaiti entzun izan diet urteak egiteak pozten dituela esan eta haiek ospatzen: «Egiten joaten garen bitartean ez da seinale txarra», diote haiek arro; eta zeren seinale da hogeita hamar edo berrogei egitea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo