GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Egiari zor

Estalitako egia horiek aitortzeko garaia heldu da, herri honen zauriak osorik itxiko badira ezin baita bestela egin. «Bere buruaz beste egin du» bezalako bertsio ofizialak dauden artean ezingo baita herri honen etorkizuna eraiki

Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra deitu diote EITBko egoitzan antolatua izan den ekitaldiari. Bakearen aldeko urratsak aipatu dira, bakearen kultura eraiki behar dela. «Euskadin bakea, askatasuna eta bizikidetza egonkortzeko» asmotan, agidanez. Hitz ederrak inondik ere, gertatuak gertatu, bere dimisioa eman nahi ez duen Herrizaingo sailburuaren ahotik etortzeko.

Baina, hitzak hitz, askoren begietara, oroimena eta bizikidetza bezalako kontzeptuez baliatuz -mozorrotuz?- eszenifikatu nahi duten errelato horren lehen kapitulua baino ez da izan aipatu biltzarra. Tamalez, enegarren aukera galdua izan da behingoz herri honetan gauzak diren bezala egin nahi diren garaietarako. Kontua ez baitzen noiz egin (gaizki eta presaka), baizik eta nola. Eta nolakotasun horrek gauzak beste era batera egitea eskatzen zuen. Bilbon ikusi ez den heldutasun handiagoa behar zelakoan nengoen, egian nahiz justizian oinarrituriko bizikidetzaren izenean ezin baita sufrimen- du bera jasaten duen kolektibo oso bat oroimenaren mapatik existituko ez balitz legez ezabatu. Aitzitik, ikusarazi egin behar dira, ahotsa eman, haien samina ere guztion samina delako.

Izan ere, lan gaitza da iraganeko zauriak berriro irekitzea, kasu askotan inoiz itxi ez direnean. Inolako aitorpenik gabe, egiaren aztarrenik gabe jarraitzen baitute herri honetako kasu askok eta askok. Nik uste nuen 1.300 hildako, 7.000 lagun kartzelatu, 50.000 atxilotu nahiz 10.000 torturatu utzi dituen gatazka (oraindik itxi gabe) honen ondorioetan sakontzeko beste seriotasun bat behar zela; bestelako bultzada behar zuela; ikusmira orokorrago bat, nola esan, elkarrekiko begirune handiagoa edo. Nola liteke, bestela, bizikidetza aipatu eta begien aurrean dagoena ukatu? Nola hitz egin elkarbizitzaz bestea ukatzeko gero?

Baina Bilbon ez bezala, eta hango anplifikagailu eta propagandarik gabe, hitz egin zuten Carmen Galdeanok eta Rosa Roderok Hala Bedi-k antolatutako mahai-inguruan. Xabier Galdeanoren alaba eta Joseba Goikoetxearen emaztea beren saminetik mintzatu ziren. Modu eraiki- tzailean esango nuke; elkarren sufrimendua partekatuz aurrera egin daitekeela eta egin behar dela erakutsi digute era ezin duinagoan. Mendekurik gabe. Gorrotorik gabe. Bidean argi eginez. Bien errealitate gordinak parez pare jarri zituzten, ez batarena bestearen gainetik. Norberaren egiatik -egia poliedriko horretatik-, bakoitzak bere oroimeneko portutik hitz egin zuen, baina itsasoari aurrez aurre begiratu behar zaiola erakutsi digute, biek ala biek. Barnean errotuak ditugun beldur eta mesfidantzak gainditu eta aurrean dagoena entzun daitekeela, ondoan dagoena uler daitekeela esan digute, begiaz eta egiaz. Egiak aurpegi asko ditu eta bakoitzak bere egia du, baina egia horietako asko bertsio ofizialen pean estalirik daude, gezurretan usteltzen. Hortaz, estalitako egia horiek aitortzeko garaia heldu da, herri honen zauriak osorik itxiko badira ezin baita bestela egin. «Bere buruaz beste egin du» bezalako bertsio ofizialak dauden artean ezingo baita herri honen etorkizuna eraiki.

Egiari zor, beraz, ez ditzagun begiak itxi egia guzti horien aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo