Japonian Gobernua eraberritu dute erreforma fiskala ahalbidetzeko
Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroak bost ministro ordezkatu ditu, oposizioak babesa eman diezaion indarrean jarri nahi duen erreforma fiskal polemikoari. Defentsa eta Garraio ministroen aldaketa oposizioak negoziatzeko ezarritako baldintzen ondorioa da.
GARA | TOKIO
Yoshihiko Nodak, Japoniako lehen ministroak, Defentsa, Garraio, Nekazaritza, Justizia eta Posta Erreformako ministroak ordezkatu zituen atzo, aurrera atera nahi duen erreforma fiskalak oposizioaren babesa jaso dezan.
Nodak oso polemikoa den erreforma fiskal bat indarrean jarri nahi du Parlamentuan, bilkura-aldia amaitu aurretik (ekainak 21). Erreforma honekin kontsumoaren gaineko zerga gutxika-gutxika bikoiztea nahi du, 2015. urterako %5etik %10era garestitzeraino.
Defentsa eta Garraio sailetako ministroen aldaketa hori oposizio kontserbadorearen kontrolpean dagoen Senatuak zentsura mozio bat aurkeztu izanaren ondorio da. Izan ere, bi ordezkapenok erreforma fiskalen gainean negoziatzen hasteko baldintzatzat ezarri zituen oposizioak.
Satoshi Morimotok hartuko du Naoki Tanaka Defentsako ministroaren lekua (71 urteko unibertsitate irakaslea eta 2009tik Ministerio aholkularia), eta Takeshu Maeda Garraio ministroa Yuichiro Hatak ordezkatu du, oposizioarekin egindako negoziazioetan mintzaide lanetan aritu izan denak.
Horiez gain, Nekazaritzako ministro Akira Gunji izendatu dute, Justizia ministro Makoto Taki eta Posta Erreformako ministro Tadahiro Matsushita.
Bigarren aldia da Nodak bere kabinetea asmo berarekin aldatzen duela, urtarrilean beste lau ministro ordezkatu eta lehen ministroorde moduan Katsuya Okada izendatu ondoren.
Lehen ministroak adierazi zuenez, gustatuko litzaioke oposizioak negoziazioari ekitea, eta «egoera ekonomikoa latza izan arren, babes soziala mantendu ahal izateko» erreforma hori beharrezkoa dela nabarmendu zuen.
Japoniako zorra 2008. eta 2009. urteetan hasitako krisi ekonomikoaren eta 2011ko martxoaren 11n izandako lurrikararen ondorioz asko hazi da.