GARA > Idatzia > Kultura

«Beste idazleez hitz egin nahi dut, kanonetan azaltzen ez diren horiez»

p040_f01.jpg

Iñaki Zubeldia

«Haur literatura aztergai 2» kaleratu du

Haur eta gazte literaturara egindako inkurtsioek osatzen dute Ikaztegietako irakasle eta idazlearen azkeneko liburua. Era anitzetako inkurtsioak dira: autoreei egindako elkarrizketak agertzen dira, gaztetxoen liburu bat film bilakatua, gogoeta eta eztabaidak, literatur bidaiak nola egin eta zertarako... Denetarik dago, baina beti haur literaturaren ikuspegitik aztertua.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Erroteta argitaletxeak ateratako liburu honek «Egan» aldizkarian du jatorria. Gillermo Etxeberriak eskatuta, 1999. urtetik hona artikuluak idatzi ditu bertan Iñaki Zubeldiak haur literaturarekin lotutako gai ezberdinez. Eta artikulu pila bat zituela ikusita, eta berriro Etxeberriak animatuta, 2006an «Haur literatura aztergai» lehenbiziko liburua atera zuen. Haren segida da «Haur literatura aztergai 2». Bertan, bost autore elkarrizketatu ditu: Ana Urkiza, Seve Calleja, Aitor Arana, Iñaki Friera eta Fernando Morillo. Aurrena beren biografia idatzi du («batzuk sekulako harribitxiak dira; besteak aseptikoak»), gero bibliografia, eta ondotik, beren obra osoa irakurri eta analisi literarioa edo kritikoa egin du. Azterketa hori egin eta gero luzatu dizkie galderak, desberdinak obra motaren arabera. Liburuan soilik ez, Interneten ere, EHUko Inguman irakur daitezke artikulu guztiak.

Kritikari «ofizialak» kritikatu dituzu...

Badaude azterketa edo kritikari «ofizialak», Gasteizko eskola eta Eskoriatzako Irakasle eskola. Horiek ateratzen dute irakur gida. Niretzat, batez ere bigarren hau, nahiko sesgatua da. Eta hori gogor salatu nuen behin artikulu batean. Erreta nengoen eta mahaian kolpe bat jotzeko beharra sentitu nuen, horrela ezin zelako segitu. Miren Agur Meaberen «Itsaslabarreko etxea», Euskadi saria jasotakoa, irakur gida horretan gomendagarria zen bakarrik. Aldiz, hamalau lerro zituen obratxo bat, oso gomendagarria. Fernando Morilloren «Izar malkoak» ere gomendagarri jarri zuten soilik, sekulako obra hau ere, Euskadi saria jasoa. Aitor Aranaren «Amodioaren gazi-gozoak» ez zen azaldu ere, baina Gipuzkoako gazteek hautaketa egin zutenean, hauxe aukeratu zuten.

Zergatik uste duzu ez zutela irakur gidan sartu?

Filiak eta fobiak daudelako pertsonekiko. Nik beste idazleei buruz hitz egiten dut beti; beste idazleak dira kanon horietan azaltzen ez direnak. Ez dut esaten kanon horietakoak txarrak direnik, baina beste lanek ere merezi dute tokitxo bat. Beste idazleak aztertu nahi ditut, beste ikuspegi bat eman eta inertzia hautsi. «Beste autore batzuk ere badaude, ezagutu itzazue», esan nahi diet irakurleei.

Hirugarren liburua ateratzeko asmorik baduzu?

Bi artikulu dauzkat, Idoia Sanchez Tolosako ipuin kontalariari buruzkoa eta Jasone Osorori buruzkoa. Hirugarrena musika eta letra politak uztartuz hasierako ikastoletan sekulako iraultza eragin eta umeei mundu fantastiko bat eskaini zien Imanol Urbietarekin egiteko asmoa dut.

Joxantonio Ormazabal omendu duzu lan honetan, berari eskaini diozu aurreneko atala.

Soldadutzatik ginen lagunak. Joxantonio Zarauzko ikastolara joan zen irakasle, eta ni Getariakora. Orduan hasi ginen beti elkarrekin ateratzen. Elkar argitaletxean hamabi urte lan egin nuen berarekin eta berarekin batera idatzita daukat «Miru eta Mara» mamu txikien ipuina. Gero, urrundu egin ginen pixka bat, baina beti maite eta miretsi izan dut. Berak egin gabe utzitako eskoletako saio batzuk egin nituen eta oso polita izan zen. Joxantoniok azkeneko bi urteetan jaso zuen errekonozimendua. Norbaitek lan egin badu haur literaturan, hori bera da.

Eztabaida bat aipatzen duzu: ea euskal literatura zaila den ala ez. Zer den zaila eta norengan dagoen zailtasun hori.

Etxeko hizkuntzan kamixeta, kutxara, tenedore, kutxillo, butaka, kajoi, dentista, sujetadore, bandeja esaten dugu, baina idazterakoan, elastiko, koilara, sardexka, aizto, besaulki, tiradera, haginlari, titi-zorro, erretilu. Nire ustez, irakurleak ez du hizkuntza hau berea sentitzen. Horren harira, Bernardo Atxagaren iritzi batzuk ekarri nahi izan ditut liburura hausnarketa bat egiteko. Honela dio: «Idazten ari nintzen bezala, hor non konturatu naizen gaur egun ere lema, hiztegiak egiten dituztenen lema, eta zuzentzaileen lema, eta gaur egun nagusi diren joeren lema dela gutxi gorabehera, lehengoa: Ahal dela, egin ezazu, erabili ezazu beste erderarekin antzik ez duen hitz bat, baina ez ezazu egin lehen bezala, ez ezazu egin Sabinok egiten zuen bezala, ez egiozu deitu telefonoari urrutizkina, hori exagerazio bat da, baina egin ezazu birekin bat (...), eta orduan, hor non bat-batean ni egokitu naizen hirurehungarren orrialdean, arazo izugarri batekin; hor non ikusten nuen gizarteak, hiztegiaren bitartez, bikote bat proposatzen zidala: piszina jarri ordez, hobe duzu igerileku jartzea, kuadrilla jarri ordez, lagun talde».

Atxagak azaltzen du horrek, batzuetan, ez diola funtzionatzen bere prosan, ez delako gauza bera elkarrizketa batean `goazemak piszinara' edo `goazemak igerilekura' jartzea.

Euskarazko haur eta gazte literaturaren bilakaeraz 2010ean Txekiako Brnoko Masarykova Univerzitan eman zenuen hitzaldia oroitzen duzu bertze atal batean.

Txekiakoa interesgarria izan zen, jende mordoxka bildu zen entzutera. Azaldu nuen ezin dela haurrentzat helduentzat bezala idatzi; hasteko, haurrek beste hiztegi bat dute, beste mundu ikuskera bat, beste perspektiba batzuk, beste interes batzuk... Orduan, beren munduan sartu behar duzu. Azkenean, zer da haur literatura? Haurrek beraientzat hartzen dutena da, eurak dira erabakitzen dutenak. Obra batzuk haurrek egin dituzte bere, helduentzako idatziak izan arren. Hori ere bada haur literatura, beren mentalitatera eta mundura iritsi baita. Bi joera egon dira: alde batetik, «beren buruarentzako» idaztea hobesten zuten egileak edukiko genituzke, haur literatura obra baliotsuz hornitzeko asmoa zutenak; eta bestetik, kultur dinamizatzaile antzeko baten jarrera hobesten zutenak, garai bateko ahozko kontalarien jarraitzaile gisa. Hauek umeentzako gustagarri idatzi nahi zuten, nahiz eta gauza artistikoa egin. Bigarren teoria hau defendatu nuen nik.

Haurrentzako liburu bat ere kaleratu duzu orain dela gutxi, «Txerrikumeen abentura berriak», Ibaizabalekin.

Bai. Honen aurrekoa, «Txerrikumeen abenturak», liburu transgresorea izan zen eta asko gustatu zitzaien haurrei. Istorio berri honetan, txerrama eta txerrikumeak Igeldoko parkera igo, eta ospetsu egingo dira. Horietako bat, Arroxali, balleteko izar bihurtuko da, eta zor guztiak ordaindu ahal izango ditu.

 
ormazabal
HAURREK HARTUA

«Azkenean, zer da haur literatura? Haurrek berentzat hartzen dutena. Eurek erabakitzen dute. Obra batzuk bere egin dituzte, helduentzako idatziak izan arren»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo