GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Errauste plantaren aurka, atez atekoaren alde

Gipuzkoako alkateek ondo asko dakite hondakinen tratamendua norainoko arazoa den. Baina arazo handi horri erantzuteko prozedura ezin da arazoa bera baino kaltegarriagoa izan. Hala ulertuta, herrialde horretako 50 alkatek atzo prentsaurrekoa eman zuten Donostian, errauste planta ez dutela finantzatuko jakinarazteko. Ahal den guztia birziklatzea ezinbestekoa dela uste dute, eta hala egiten saiatuko dira. Gogorarazi beharra dago, bestalde, Europako Parlamentuak birzikla daitekeena erraustea galarazteko eskatu ziola oraindik orain Bruselari. Esan bezala, arazo baten konponbideak ez luke arazo handiagorik ekarri behar, eta gauza jakina da erraustea kaltegarria dela ingurumenarentzat eta herritarrentzat. Baina osasunaren aurkako prozedura ez ezik, errauste planta gastu handia ere bada, eta garai honetan inoiz baino argiago sumatzen da errauste planta finantzatzeko egin beharreko esfortzu ekonomikoa. Alkate horiek esan zutenez, udalak ez daude nahi ez duten errauste plantan dirua xahutzeko prest. Alkate horiek errauste plantaren aurka azaldu ziren, eta atez ateko sistemaren alde. Egia da atez atekoa ez dela hondakinak gaika jasotzeko modu bakarra, baina egia da, halaber, alde handiz emaitza onena eskaintzen duen sistema dela, eta ez alkate horiek esaten dutelako, datuek dagoeneko hala erakutsi dutelako baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo