Adineko emakumeek gehiago laguntzen dute ingurukoen ahalduntzean beraienean baino
GARA | BILBO
Adineko emakumeek garrantzi handia ematen diote autonomia mailari, eta euren bizitzaren eta ekonomiaren jabe izateari balio handia ematen diote. Izan ere, «balio preziatuenetako bat da» 65 urteko eta hortik gorako emakumeen artean.
Ahalduntze-prozesuari dagokionez, gehiago laguntzen dituzte inguruko gazteak horren kontzientzia hartzen, beraien buruak baino. Hauexek dira Emakundek atzo zabaldu zuen ikerketa baten ondorio nagusiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako adineko emakumeen gaineko azterketa egin eta gero.
Ikerketaren helburua gaur egungo 65 urtetik aurrerako emakumeen ahalduntze-prozesua egunerokotasunean nola gauzatzen den aztertzea da, 2009an Emakundek nerabeekin hasitako azterketari jarraipena emanez. Ondorioak EAEko hiru herrialdeetan adin tarte horretako 600 emakumeri banan-banan beren etxeetan egindako inkestetan oinarritzen dira.
Adineko emakumeek «bere kasa bizi nahi izaten dute» eta beren ekonomiaren kudeaketaren jabe dira. «Gehien-gehienek adierazten dute beren esku dagoela bizikidetza-unitatearen gastuak ordaintzeko dituzten diru-sarreren kudeaketa, edozein dela ere unitate hori osatzen duten pertsonak eta diru-sarreren jatorria edo iturria», dio azterketak. Gaineratzen duenez, ekonomia-kudeatzailearen rola ez dute «beste inoren esku utzi», bikotea izan arren.
Ahalduntzeari buruz duten jarrera ere aztertzen du ikerketak. Dioenez, adineko emakumeak gehiago egiten ari dira adin hauetan horren transmisioan, ahalduntzearen sozializazioan, eta belaunaldien arteko ondare garrantzitsu modura hartzen dute transmisio hori. Beren ustez, belaunaldi gazteek autonomia integral handiagoa dute, eta lan-arloan parte-hartzea da, gainera, ezinbesteko baldintza erabakiak hartzeko autonomia lortzeko eta horri eusteko.
Denbora irabazita
Denboraren kudeaketaz ere galdetu zaie. Gehienek beraientzat denbora gehiago dutela adierazten badute ere, «ez da beraiek konkistatutako denbora», ahalduntzearen ikuspuntutik estrategia kontziente baten ondorioa, baizik eta «liberatutako denbora», beren bizitza ziklo horretan desagertutako betebeharren emaitza, gehienbat familiaren zaintzarekin lotuta.
Bestalde, 65 urte eta hortik gorako emakumeen talde estatistikoa oso heterogeneoa dela dio Emakundek, eta horregatik bost tipologia sortu dituzte, ahalduntzeari dagokionez, egungo egoera edota izandako ibilbidea kontuan hartuz.