GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizko Alde Zaharreko biztanleek ez dituzte beren auzoko jaiak ospatuko

Azken hilabeteotan Udalak adostutako murrizketek eta auzo elkarteen finantziazioari eragiten dieten arau berriek bertan behera utzi dituzte Alde Zaharreko jaiak. Gasteiz Txiki Elkartearen iritziz, PPko agintariek auzo elkartearen lana «oztopatu» nahi dute.

Ion SALGADO | GASTEIZ

Aurten Alde Zaharreko biztanleek ez dituzte auzoko jaiak ospatuko. Badirudi Gasteizko Udal Gobernuak (PPren eskuetan), adostutako murrizketek eta auzo elkarteen finantziazioa bermatzeko onartu duten arau berriek ezinezkoa egin dutela jaien bideragarritasun ekonomikoa.

Teresa Arriolabengoak, Gasteiz Txiki auzo elkarteko diruzainak, GARA egunkariari atzo azaldu zionez, Gobernua osatzen duten politikariek onartutako arau berrietan zehazten diren epeen ondorioz, ezinezkoa da Alde Zaharreko jaiak antolatzea. «Udalak gure eskaera onartzen baldin badu ere, udazkena iritsi arte ez genituzke Gobernuak agindu dituen diru-laguntzak jasoko», azaldu zuen.

Halaber, Arriolabengoak dioenez, diru-laguntzarik gabe Gasteiz Txiki elkarteak ezin du aurrera eraman jaietako egitaraua. «Udal Gobernuari eskatu genion iaz adostu zen akordioaren luzapena. Baina PPko politikariek uko egin zieten gure proposamenei, eta mailegu bat eskatzea gomendatu ziguten», gogoratu zuen, haserrea ezkutatu ezinik.

Gasteiz Txikiko diruzainaren ustez, Udalak eguneroko harremanetan auzo elkarteak gestoriak izango balira bezala tratatzen ditu. «Udal Gobernuak auzo elkarteen lana oztopatzen du. Hiriko agintariek gure desagerpena eragin nahi dutela susmatzen dugu», ondorioztatu zuen.

Txupineroen hautaketa

Bestalde, EAJko udal taldeari dagokio aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa zeinek botako duen aukeratzea, eta atzo jakinarazi zuenez, euskara irakasten eta hedatzen lan egiten duten pertsonak hautatu dituzte jaiei hasiera emateko.

Gorka Urtaran Gasteizko Udaleko EAJko bozeramaileak azaldu zuenez, atzo iragarritako erabakiarekin, alderdi jeltzaleak «pertsona horiek euskarekiko duten konpromisoa azpimarratu eta urteetan zehar egin duten ahalegina eta izan duten adorea eskertu nahi du».

«Datorren abuztuaren 4an, eta ahal izanez gero, jai guztietan zehar, euskara protagonista izan dadila nahi dugu. Gure artean dugun altxor handia eta milaka pertsonek denboran zehar eta batez ere azken hamarkadetan egindako ahalegina baloratu nahi dugu», nabarmendu zuen zinegotziak.

Txupinazoaren protagonistetako bat Joseba Aginagalde, Arabako Ikastolen Elkarteko zuzendaria, izango da. EAJk prentsa ohar batean gogorarazi zuenez, Aginagalde Armentia ikastolako sortzaileetako bat izan zen, eta badarama 23 urte Araba Euskaraz antolatzen.

hautatuak

Aginagalderekin batera, Mailu Lasarte irakasleak, Katixa Agirre idazleak eta Iñaki Tena bertsolari gazteak botako dute Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo