Arrain salmenta zuzena egiteko eraikin berezia paratu dute Ziburuko portuan
Arantxa MANTEROLA | ZIBURU
Duela aste batzuez geroztik abian den arren, atzo inauguratu zen ofizialki, Ziburuko kaian kontsumitzaileei itsasontzietako arraina zuzenean saltzeko gunea. Egurrezko eraikinak 118 metro koadro ditu eta bertan zazpi salmenta mahai paratu dituzte, garbitasuna eta ebakuazioa bermatzeko neurri guztiekin. Era berean, arraina fresko mantentzeko hotz-ganbera berezia ere izango dute.
Europako fondoak, Estatuak, Akitaniako Kontseiluak, Paueko Kontseiluak eta Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) 164.600 euro bideratu dituzte (bakoitzak %20) guztia txukun jartzeko eta kudeaketa Enkantegunearen gain izango da.
Aspaldi erabaki zuen MIGek (portuko kudeatzaileak) egitura hori paratzea bertan, hain zuzen, 2009ko otsailean Colbert legeak ahalbidetzen dien eskubidea gauzatuz, itsasontzi batzuetako arrantzaleak Donibane Lohizuneko nasan beren arraina zuzenean saltzen hasi zirenean.
Hainbat gorabehera izan ziren enkante zaharreko lokala hartu zutelako. MIGek auzitara jo zuen eta arrantzaleak (batez ere Logicoop kooperatibakoak) bertatik kaleratuak izan ziren, isun bat jaso ostean.
Geroztik oihal dendetan aritzen dira eta eraikin berria erabiltzeko asmorik ez dute oraingoz. Izan ere, salmenta zuzenerako, Donibane Lohizuneko aldea Ziburukoa baino egokiagoa dela deritzote.
Kalapiten amaiera ote
Kalapita horiek amaituko diren itxaropena azaldu zuten atzo inaugurazioan parte hartu zuten hautetsi eta arduradunek, besteren artean, Georges Labazee Paueko Kontseiluko buruak, Andre Garreta MIGeko presidenteak, Sylviane Alaux Eskualdeko kontseilariak eta Guy Poulou Ziburuko auzapezak.