Fredi Paia Bertsolaria
Antimilitarismoaz
Historiaurretik militarki formatzen ez zen lehenengo euskaldun belaunaldikoa izan nahi nuen. Akabuan espainiar lege batek salbatu ninduen soldaduskatik
18 urte eman zituen kartzelan, irten berria zen eta begietara hitz egiten zidan. 98ko domeka arrasti hartan ulertu nuen erakunde armatu bat militarra izan zitekeela militarista izan barik. Ordutik, militarismoa gizartea antolatzeko era autoritario eta hierarkiko bezala ulertu dut. Argi dago armen mehatxuaren bidez militaritzatzen dela gizartea, baina armadunaren buruan beste hamaika ideologia egon liteke. Tresnak tresna baino ez dira.
Pegatina bakarra kendu zuen gure aita zenak karpeta bihurtutako nire logelako hormetatik. «Insumisioa, Euskadi nazioa!» zihoen, eta garai hartan militatzen nuen gazte erakundeak sinatzen zuen. Servicio militar en ETA militar! Diskurtsoak borroka galdu zuen kalean. Espainiar armadari uko egitea gure naziotasuna azpimarratzeko bide eta gazteria erakartzeko modu bezala ulertu zuen independentismoak. Eta taktikoki emaitza bikaina eman bazuen ere, ezin ukatu, gure aitak profetizatu zuen legetxe, borroka militarrean esperantza handiak jarrita zeuzkan mugimenduarentzat amaieraren hasiera izan zela. Espainiarrek gu dohainik formatzea eurekiko geneukan abantaila militar nagusia zen gure aitarentzat.
Gure aita militarra zen, beste gauza batzuen artean. Espainiar armadako alferez eta norvegiar itsas-armadako teniente. Bere denbora-pasa maiteenetakoa kontroletan pikoletoak zirikatzea zen. Askotan ez zen egoten bere graduazioko inor, eta tente jartzen zituen denak «Gora Euskadi Askatuta!» esan ostean autoan sartu eta kontroletik ospa egin aurretik. Pirinioetako motorrik gabeko hegaldi dibisiora boluntario joateko konbentzitzen saiatu zen 17 urte nituenean, baina nik ordurako hautua egina nuen. Historiaurretik militarki formatzen ez zen lehenengo euskaldun belaunaldikoa izan nahi nuen. Akabuan espainiar lege batek salbatu ninduen soldaduskatik.
Borroka irabazia? XIX. mendeko Antiautoritarismoak (hori da anarkismoaren benetako izena, Hirugarren Internazionalean horren ezaguna zaigun ezizena ipini zioten arte) irakatsi zidan akzio eta omisio bidezko borrokak bereizten. Eta ez dezagun ahantz, neoliberalismoaren eredu soziala norbanakoaren omisioan oinarritzen dela neurri handian, delegazionismoa izeneko gauzak errazago kontrolatzeko kudeaketa ereduan. Urbeltzen «Bailar el caos» liburuak formakuntza militarraren kontzeptua aldatu zidan erabat. Efebia erritua, Hartzaren konstelazioaren desagerpenean hasi eta Hartzaren dantzak amaitzen zuen berrogei erregelak, edo aurreskua, ikasteko prozesua. Komunitatea babesten ikastea derrigorrezkoa zen, eta dantzan ez dakienak ez daki borrokan.
Azken kolpea Palestinan jaso nuen. Israelen bizi diren musulmanek debekatua dute formakuntza militarra, juduentzat derrigorrezkoa den bitartean. Palestinarrek, ostera, heziketa hori jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Nola utziko dugu komunitatearen babesa etsaiaren esku?
Adiskide intsumisook, agur eta ohore, baina Oteizak esan zuen lez: «Yo quiero ser amigo de los que nos sucedan, de los que en una armonía creadora puedan siquiera reconocer en nosotros que algo en principio aprovechable nos ha podido suceder».