GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Jaialdiak ugaritzen hasi dira

Uda ari da itxura hartzen

Asteburuan omenaldia jasoko dute Binakakoko txapeldunek etxean. Gasteizen jaialdia izango da uztailean.

p044_f02.jpg

Jon ORMAZABAL

Buruz buruko finalekin gertatzen denak hurrengo asteburuetako hasierako planteamenduak alda ditzakeen arren, Eibarko sanjoanetako jaialdi handia zalantzan egon daiteke; izan ere, Aspe eta Asegarceko ordezkariak hasiak dira dagoeneko hurrengo hilabeteetako jaialdiak antolatzen eta perfilatzen.

Une honetantxe, zalantza nagusia buruz buruko lehen mailako finalaren data zehaztea da. Araudiaren arabera, aurten hirugarren posturako partida ere derrigorrez jokatu behar denez, larunbatean Iruñean gertatzen denaren eta izan litezkeen atzerapenen arabera programatuko dira bi partida hauek, baita Promozio mailako finala ere.

Alabaina, esku pilota izango da ziur asko urte osoan zehar inolako etenik ez duen kirol bakarra, eta handik eta hemendik hasi dira uda parteko jaialdi eta txapelketak ate-joka. Asteburu honetan arreta gune nagusia Labriten izango bada ere, Logroñon ezohiko jaialdiak izango dira, aurten binakako txapelketetan txapeldun irten diren pilotari errioxarren omenaldi gisa.

Hala, Titin III.ak eta Merino III.ak bi partida jokatuko dituzte Adarragan, ostiral eta igandean. Lehenengo partidan, binakako txapeldunek Martinez de Irujo eta Barriola izango dituzte etsai, eta igandean, finaleko errebantxa jokatuko dute dagoeneko lunbalgiatik osatuta behar duen Xala eta Laskurainen aurka. Errioxako Gobernuak eta Logroñoko Udalak hala nahi izan dutelako, ordutegi bitxiak izango dituzte jaialdiek, ostiralean arratsaldeko zazpietan hasiko da jaialdia eta, Eurocopa dela-eta, igandekoa, ordu eta erdi beranduago.

Euskararen alde Gasteizen

Bien bitartean, atzo jakin ahal izan genuen Gasteiz eta inguruetako pilotazaleek ez dutela Andra Maria Zuriaren feriara arte itxaron beharrik izango pilota profesionalaz gozatu ahal izateko; izan ere, IKArekin eta Udalarekin elkarlanean, euskararen aldeko jaialdi interesgarri bat antolatu du Arabako Pilota Federazioak uztailaren 20rako. Bertako estelarrean, Xala-Barriola eta Gonzalez-Zubietak jokatuko dute eta bertan arituko diren bi atzelariek mahai-ingurua eskaini zuten atzo Artiumen, euskaltegietako ikasleei zuzenduta.

Oraindik urrun dagoela ematen duen arren, udako lehen pilota feria ere, sanferminetakoa, ari da gerturatzen eta badirudi Mikel Idoatek Buruz Burukoan egindako lan onaren saria jaso lezakeela bertan, Aspe Binakako Txapelketan sartzea aztertzen ari baita. Gauzak horrela, Txantreako aurrelariak etxean izango luke bere lehen aukera halako feria batean. Iaz, Martinez de Irujo, Xala eta Titin III.a izan ziren Eibarko enpresak aukeratutako aurrelariak.

Binakakoan bere parte hartzea zalantzazkoa izan daitekeen bitartean, ziurra da Nafarroako Lau eta Erdikoan Mikel Idoatek jokatzeko aukera izango duela. Hasiera batean Aspek bere adarrean sei pilotari jartzeko asmoa bazuen ere, Jaunarenak eta Ezkurdiak ezin izango dute parte hartu -Promozioko buruz buruko finala jokatu behar dutelako- eta azkenean Idoatez gain, Martinez de Irujo, Barriola eta Julen Retegi arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo