GARA > Idatzia > Kultura

«Denon-finantzaketa»

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

La Casa Encendidaren etorkizuna zalantzan dago. Madrilgo zentro kultural honek urteak daramatza kultura ekintza zabalak aurkezten. Bere programa ezagunen artean izen berri eta freskoak ezagutzera ematen dituen «Generaciones» dago, artista eta komisarioei emandako sariak. Horretaz gain, erakusketak, ikastaroak eta mintegiak antolatu, irrati tailerra eta arte eszenikoen emanaldiak programatzen ditu. Bere testuingurua zehatza da: CajaMadrideko lan soziala. Horrek balio burges eta kapitalistekin lotutako pentsamolde jakin bat erakusten badu ere, askotan aukera onak ekartzen ditu.

Testuinguru honek dakar hain zuzen bere arazorik larriena: Bankiaren jauziarekin batera eroriko da ziur asko La Casa Encendida. Hori baita pertsonaia edo entitate boteretsu baten menpe dauden ekimen kulturalen ahultasuna, pertsonaia edo entitate horren guztiz mendeko direla, eta honen balio, pentsamendu eta egoera ekonomikoen aldaketari zor diotela euren programazioa, edota kasu honetan jarraitutasuna. Eta eskema pribatu hau da, gainera, mezenasgoaren legearen bitartez Estatuko gobernuak bultzatu nahi duena.

Eta bai, bada beste aukerarik. Adibidez, Goteo.org ekimena, crowdfunding printzipioan oinarrituta. Mezenasgo sozial anizkuna da crowdfunding («denon-finantzaketa»), hau da, diru gutxi duen jendeak interesatzen zaien proiektuentzako diru pixka bat ezartzen du. Horrela, gutxi askoren artean, kantitate xamurrak lortzen dira entitate bakar baten nahiei lotu beharrik gabe, kolektiboki. Denona eta bakoitzarena den lorpen bihurtzen da proiektu bakoitza. Ez al da unea heldu horrelako sistemetan ekintza aktiboa hartzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo