GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kukutzako epaiketak, eskarmentu ahalegina

Kukutza gaztetxea eraitsi zutenean izandako liskarretan zaborrontzi bat erretzea egotzita, gazte alemaniar bi epaitu zituzten atzo, eta haien atxiloketaren eta auzipetzearen inguruan sumatutako irregulartasunak argiago geratu ziren epaiketan, batez ere defentsak erakutsi zuen suhiltzaileen txostenaren argitan. Epaiketaren inguruabarretatik harago, ordea, gazte horiek auzipetzeak argi utzi du herri ekimena eta gizarte justuagoa helburu duten alternatibak bilatzea zigorgarri direla, hori bai, «legearen inperioaren» izenean, baina sarritan lege hori urratuz. Eta Kukutzaren inguruko auzian ulergarriagoa da jokaera hori. Ulergarriagoa baina onartezinagoa. Kukutza Errekaldeko auzokoen eta, oro har, gizartearen atxikimendu nabarmena zuen proiektua zen, eta gaztetxea eraitsi zutenean elkartasun ikusgarria jaso zuen. Gazte ekimen deserosoa zen beren gizarte ereduak alternatibarik ez duela sinetsarazi nahi dutenentzat eta, horrenbestez, desegin eta zigortu beharrekoa. Atzo epaitutako gazteen eta joan den irailean atxilotutako beste hainbaten aurkako auziak jendaurreko eskarmentua bilatzen du, autogestioa eta herri ekimena, areago gazteen eskutik, larrutik ordaindu daitekeela erakustea. Eta arrisku gisa sumatzen dituzten ekimenak ez ezik, herritarren elkartasuna ere zigorgarria dela, gizarte kikildua nahi -behar- dute-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo