GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Zuloak gara

Edozein kasutan, eta imajinazioa dantzan jarrita, ederra litzateke Nafarroako Opusen instituzioen aurrean gure «Slut Walk» propioa egitea

Fermin Muguruzaren azkeneko dokumentalaren izenburuak eman dit oina eta gaia hitzok idazteko. Egunotan, sarean barna zabaldu da proposamen dokumental honen soinu banda izango den Zuloak taldearen bideoklipa. Bertan, Slut Walk mugimenduaren irudiak nahasten dira, aipatu musika taldearen kontzertuetako irudiekin batera.

Mugimendu honen jatorria Torontoko polizia saileko arduradunetako batek emakumeon kontrako sexu bortizkeriaren harira esandakoen aurreko erreakzio moduan sortu zen. Indarkeria mota honekin amaitzeko errezeta aurkeztu zuen halako egun batean honokoa esanez: errazagoa litzateke dena, emakumeak probokatzeko asmoz jantziko ez balira, alegia, «emagalduen» moduko arropak jantziko ez balituzte. Adierazpenon aurrean, Slut Walk mugimendua sortu zen, euskarazko bertsioan «emagalduen martxa» izango litzatekeena.

Esan dezadan jarraitu aurretik, batzuetan haserretu egiten naizela nirea sentitzen dudan euskararen hizkuntzalariekin; izan ere, hizkuntza ideologia dominatzaileak transmititzeko eta betikotzeko tresna gisa erabiltzen delarik, «emagaldu» hitzarekin arazoak ditut. Ez dut uste, prostitutak emakume galduak direnik; aitzitik, biziraupenaren bilaketan dauden emakumeak direla esango nuke nik.

Harira itzuliz, Slut Walk mugimenduaren deialdietara agertutakoek minigonak, eskoteak eta gorputz biluziak barreiatu zituzten AEBetako, Londresko, Australiako eta Indiako kaleetan zehar, «probokazioa» terminoaren zentzua erauzi eta titiak erakusgarri uzten zuten eskoteen gainean «Don´t touch» bezalako leloak idatziz. Probokazioa bera, arma politiko bezala hartuta, errespetuaren mugak non aurkitzen diren argi uzteko helburuarekin.

Poztu nau aipatu bideoa NAIZ-eko web orrialdean zintzilik ikusteak eta Muguruzaren ikus-entzunezko hau GARAk babesten duela jakiteak. Batetik, halako esperientziak ezagutzeko baliagarria delako hedapen handiko komunikabide baten laguntza. Baina batez ere, bideoaren edukia bera eta egileen posizio probokatzailea modu masiboan zabaltzea izan da zirrara sortu didana. Slut Walk bezalako mugimenduak ertzetan kokatzen diren adierazpenetatik eratortzen dira maiz, hau da, normatibismo orokortua borrokatzen dutenen lerroetatik, hain zuzen ere. Gurean ere badira sistemaren bazterretatik sortzen diren dinamikak, probokatzaileak askotan, moral ofizialaren limiteak hausten dituztenak sarritan eta askotan masa moralizatuaren errezeloa epai moduan jasotzen dutenak. Izan liteke, erlijio kristauak gurean oraindik duen pisu handiarengatik edota gure nortasuna erresistentzian eraiki beharrak gugandik sortzen ez dena baztertzeko sortu digun joeragatik. Baina dioptriak areagotzen zaizkigu ertzetan dagoenari so egiten diogunean, beti izaten baita urrutiegira begiratzea.

Edozein kasutan, eta imajinazioa dantzan jarrita, ederra litzateke Nafarroako Opusen instituzioen aurrean gure Slut Walk propioa egitea, gure gorputzak biluztea eta «hemen daude gure titiak eta aluak» hizki handiz aldarrikatzea, zuloak izanik, inguratzen gaituen harresi itogarria zulatzen jarraitzeko bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo