GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautagai gehienek euskararekiko jarrera «lausoa» azaldu dute

A. MANTEROLA | BAIONA

Igandean izango diren legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina aztertu ostean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egiaztatu du Ipar Euskal Herriko hautagai gehienek ezin izan dutela euskararen gaia saihestu, «nahiz eta beren proposamenetan lehentasunezko gaia ez den».

Are, EHBai koalizioko hautagaiak kenduta, gainerakoek azaldu duten jarrera, oro har, «lausoa eta zehazgabea» izan dela deritzo euskararen aldeko erakundeak.

Ofizialtasunaren edo euskararen ezagupenaren alde agertu dira EHBai, EAJ, EE-Berdeak, PS, UMPko Marc Oxibar, zentristak, AEI eta NPA, eta Konstituzioaren moldaketa eta lege esparru baten alde engaiatzen dira.

EHBai-koek euskara frantsesaren hein berean izatea, hizkuntza politika burujabea plantan ematea eta hizkuntza eskubideen aitortza proposatzen dute beren programan. Jean Grenetek ontzat eman du legea egitea.

Gehienek egokia ikusten dute Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea. Legea eta estatusa aipatu dituzte, baina zein ezaugarri izan beharko lituzkeen zehaztu gabe edo soilik ofizialtasuna edo frantsesarekiko berdintasuna nabarmenduz. Kontseiluak gogorarazi du lege egoki batek eta estatus egoki batek izan behar dituzten gutxienekoak aspaldi definituak dituela.