GARA > Idatzia > Kultura

Iban

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Euskal Herriko jaialdi antolatzaile ugari ezagutu ondoren, haiekin hitz egin, jan, edan eta tratutan ibili ondoren, uste dut klasifikazio moduko bat egiten saiatzeko moduan nagoela: jaialdiak bere patrika berotzeko antolatzen dituztenak, jaialdiak kausaren baten alde edo kontra antolatzen dituztenak, instituzioren baten aginduz ari diren antolatzaileak eta jaialdiak gustuagatik antolatzen dituztenak.

Lehenengoekin ez dut tratu handirik eduki, egia esateko, badakit jende azkarra dela, azeri ospea dutenak, sosari begira beti eta jakina, desagertze zorian dagoen abere mitologiko baten modukoak.

Bigarrenekin bai, bigarrenekin era guztietako tratu eta egokieretan gertatu naiz. Gehiago eskatzeko beti prest, kausa aipatuko dizute beti gauzak okertzen hasten direnean. Haientzat bi musikari mota daude; musu truk ala ordainduz gauzak egiteko prest daudenak. Nolanahi ere, espezialistak dira lehen multzo horretako musikariak erre eta ernegatzen dituzten bitartean, bigarrenen kapritxuak konplitzen, guztia politikoki zuzen, noski.

Eta zer esan antolatzaile instituzionalen inguruan; askok ez dutela musika maite eta klasifikazio honetako lehen multzoko antolatzaileen bazka direla, haiek gauzak errazten baitizkiete, normalean baino garestiago ordainduz bada ere. Egia da, azkenik, zorionez, gerra nuklear batek ere ez lituzkeela akabatuko musikazale guztiak eta beraz, beti izango dela musika emanaldiak gustuagatik antolatzen dituenik. Etxean bezala sentiarazten zaituzte, eskura dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikariaren larruan jartzen dira eta gainera emanaldiarekin gozatzen dute; adibidez, horrela egiten du Ibanek. Eskerrik asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo