GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Biain, Nika Lertxundi, Endika Jaio, Lourdes Ibarluzea Oñati, Getaria, Mañaria eta Igantziko alkateak, hurrenez hurren

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren trena hartu nahi dugu

Guk hautua egin dugu: UEMAren trena hartuko dugu eta gogotsu gaude hurrengo geltokietara iristeko: administrazio euskaldunera, euskararen ezagutza unibertsalera, euskararen legezko esparru bateratura... Eta, egun batean, Euskal Herri euskaldunera iritsiko gara

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, euskarak lehentasuna izango du administrazioan, euskara izango baita lan hizkuntza, bai udal administrazioetan, bai epaitegietan, bai osasungintzan, baita administrazio publikoaren mendeko gainerako tokietan ere.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, euskaldunok ez dugu ikastolen aldeko festarik antolatu behar izango, eta ez dugu kanpainarik egin beharko ikastolek eta euskararen aldeko beste ekimen batzuek dakartzaten kostuak finantzatzeko.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, euskaldunon hizkuntz eskubideak legez definituta eta administrazio publikoek babestuta egongo dira, eta hori normaltzat hartuko dute herritarrek.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, herri administrazioek baliabideak jarriko dituzte etorri berriek euskara ikas dezaten eta euskara erabil dezaten, euskara ikastea administrazioak bermatu beharreko eskubidea izango baita.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, euskaldunok hamaika hedabide euskaldun ikusi, irakurri edo/eta entzun ahal izango ditugu, bakar bat kontsumitzera kondenatuta egon gabe.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunak euskararen ezagutza unibertsala izango du helburu, eta eskolak euskara ikasteko eta euskara erabiltzeko bideak jorratzeko aukera emango die haur eta gazteei, inor euskararen mundutik baztertuta gera ez dadin.

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldunean, beste hizkuntza batzuetan mintzatuko diren herrikideak izango ditugu, eta hizkuntz gatazkak modu demokratikoan konponduko dira. Izan ere, egoera linguistiko eleanitz batean logikoa denez, administrazio publikoek errespetatu egingo dituzte ofizialak diren hizkuntzetako hiztunen hizkuntz eskubideak.

Etorkizuneko Euskal Herri hori ez digute beste batzuek ekarriko. Izan ere, ez da Euskal Herriaren azterketa historiko sakonik egin behar ondorioztatzeko euskarak aurrera egiteko bideak euskaldunok jorratu ditugula, eta ez beste inork. Hortxe ditugu ikastolak, euskarazko hedabideak, euskaltegiak...

Beste batzuek euskararen alde egin zain egon izan bagina, gaur egun ez ginateke gai izango artikulu hau euskaraz idazteko ere. Hitz gordin eta ulergarriekin esateko, ez daukate fundamenturik euskarari lotutako kontuetan. Ez dugu espero haiek gure aldeko ezer egiterik.

Argi dago, beraz, euskaldunon komunitateari begiratu behar diogula, eta, gure herriotako alkatetzara iritsi ginenetik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen jardunari begira jarri gara bereziki. UEMA herri euskaldunen bilgune da, eta udalerri euskaldunetan etorkizuneko Euskal Herria gauzatzea du helburu; hau da, euskaraz bizi ahal izango garen lurralde bat gorpuztea.

Eta UEMAren jardunari begira ikasi eta ikusi dugu hortxe daudela guk nahiko genukeen etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren oinarriak: gazte gehienek euskaraz badakite, etorri berriek euskara ikasteko hizkuntza ingurune aproposa dute, udal administrazioek euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatzeko politika aurrerakoiak hartzen dituzte, euskarazko hedabideen eragin soziala eta kontsumoa handiagoa da beste toki askotan baino, udal administrazioak aspalditik ari dira erakusten euskarari lehentasuna emateak ez duela zertan hizkuntza ofizialetako hiztunen hizkuntza eskubiderik urratzen...

Eta, udalerri horiei begira, gure udalerria ikusteko modua aldatu zaigu. Gurea ere udalerri euskalduna da, eta gurean ere aspalditik gabiltza euskararen alde egiten, baina sumatzen genuen jauzi kualitatibo bat egin behar genuela. Zergatik ez parte hartu UEMAren proiektuan? Zergatik ez batu etorkizuneko Euskal Herri eleanitz horren aldeko olatuari? Zergatik ez gara gu ere UEMAn sartzen, etorkizuneko Euskal Herriaren oinarriak dituen lur gunea zabaltzeko?

Badakigu zenbat eta gehiago izan orduan eta azkarrago egingo dugula etorkizuneko Euskal Herri horretarainoko ibilbidea. Eta hori jakiteak azken bultzada eman digu, eta Igantziko, Getariako, Oñatiko eta Mañariko udaletako osoko bilkuretan adierazi dugu etorkizuneko Euskal Herri euskaldun horretara garamatzan trenera igo nahi dugula.

Trenak Goizuetan izango du hurrengo geltokia gaur, ekainaren 9an. Han emango digute ongietorria, han luzatuko digute eskua trenean sartzeko. «Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari» lelopean, festa eguna izango dugu, trena lehenengo aldiz herri batera iristen denean bezala.

Beraz, aurrerantzean, trenbidean trabak jartzen badizkigute, esku gehiago egongo gara trenbide gaineko trabak erretiratu eta trenak bidea libre uzteko. Aurrerantzean, erregai gehiago izango dugu, trenaren abiadura bizkortzeko. 66 udal izango gara, ia 162.000 biztanle, 125 ordezkari politiko.

Guk hautua egin dugu: UEMAren trena hartuko dugu eta gogotsu gaude hurrengo geltokietara iristeko: administrazio euskaldunera, euskararen ezagutza unibertsalera, euskararen legezko esparru bateratura... Eta, egun batean, Euskal Herri euskaldunera iritsiko gara.

Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo