GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Hiru finalista baina txapel bakarra izango da jokoan

Floren Nazabal, Aitzol Atutxa eta Unai Otaño neurtuko dira bihar, 12.00etatik aurrera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Hiru aizkolarirekin lehen aldiz jokatuko da finala, orain arte beti birekin izan baita.

p047_f01.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal, Unai Otaño eta Aitzol Atutxa izango dira bihar 12.00etatik aurrera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Urrezko Aizkorako finalean. Unai Otaño izango da hiruretan finalean lehen aldiz arituko den bakarra.

Orain arte bezala, lan ezberdinak egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta egin beharreko lan horiek amaitu ostean, denborarik onena duen aizkolariak jantziko du txapela. Aditu guztien ustez, iraupen proban erabakiko omen da, baina aurretik zutik jarritako enborrekin ere kontuz ibili beharko dute, hor denbora asko galtzen badute, amaieran aukerarik gabe geratuko direlako.

Floren Nazabal da irabazteko faborito nagusia. Iaz ez zuen parte hartu, baina txapelak lortzea zer den ere badaki, eta hiruretan eskarmenturik gehien duen aizkolaria izango da. Etxarrikoak ate handitik itzuli nahi du Urrezko Aizkorara, eta horretarako onena txapela lortzea da.

Aitzol Atutxa bigarren aldiz izango da finalean, iaz ere Azpeitian izan baitzen. Orduan Juanjo Lopezen aurka jokatu zuen, baina bizkaitar gazteak ez zuen bere egunik onena izan, nerbioek jota iritsi baitzen azken saiora, eta ez zuen bere maila ematerik lortu. Aurten, urduritasun horiek bazterrean utzi, eta duena erakutsi nahi du, hori lortuta, txapelik janzten ez badu ere, konforme joango omen litzateke etxera.

Unai Otaño, berriz, lehen aldiz arituko da Urrezko Aizkorako finalean. Ibarrakoarekin kontuz ibili beharko dute beste biek. Irabazteko faborito ez da agertzen, baina txapela lortuko balu ere, ez litzateke inongo ezustea izango, irabazteko gai delako. Unai sekulako denboraldia egiten ari da. Binakako Urrezko Aizkora irabazi zuen, Otaegi lagun zuela, eta orain Bakarkakoan finalean dago. Tartean Gipuzkoako Bigarren Mailako kanporaketa ere jokatu du, eta han ere onena izan zen, txapela lortzeko faborito nagusia dela erakutsiz. Bi urte eman zituen zigortuta, baina oso indartsu itzuli da Euskal Herriko plazetara, eta lehen lortutako guztia kasualitatea ez zela izan argi eta garbi erakusten ari da azken urtebetean.

Aurtengo finalek, gainera, berrikuntza bat ere izango dute, lehen aldiz hiru izango baitira final batean. Horrela, azkeneko saioa indartu eta erakargarriagoa izatea nahi dute antolatzaileek. Izango ez dena egungo txapelduna da, Juanjo Lopez ez baita sailkatu finalerako.

Apustuak, berriz, Floren Nazabalen alde aterako dira, antza. Apustu etxeetan, behintzat, Etxarriko txapeldunaren alde omen dago dirua. Ikusmina ere ikaragarria da, eta Izarraitz pilotalekuko harmailek itxura bikaina izango dute, tartean inguruko bi aizkolari ere izango baitira azkeneko ekinaldian.

Larrañaga herritarren aurrean arituko da

Maila nagusiko aizkolariez gain, 23 urtez azpikoek ere ikusmin handia piztu dute, hauetako batzuk maila nagusian baitabiltza, eta beste batzuk ate ondoan daude hor sartzeko prest. Mikel Larrañaga, Ander Erasun eta Juanillo Rodriguez izango dira txapelaren lehian arituko direnak.

Aurtengo hiruetako inor ez zen izan iazko finalean. Egungo txapelduna Aitzol Atutxa da, eta aurten hor ateratzeko adina baldin bazuen ere, maila nagusiko finalean dago, eta han arituko da. Bigarren Oihan Larretxea sailkatu zen, eta Berako gazteak ere adinaren aldetik ez zuen arazorik, baina finalerdietan Larrañagak kanporatu zuen. Faboritoa Erasun izango omen da, baina nafarrak lana asko eta ongi egin beharko du garaipena erdietsi nahi baldin badu.

Larrañagarekin itxaropen handiak daude, eta azpeitiarrak herrian ez du hutsik egin nahi. Larretxea kanporatu du, eta saiatuko da txapela lortzen. Rodriguez gaztearentzat ere lan hauek nahiko aproposak dira. Segoviarrak indar handia dauka, kolpe handiko aizkolaria da eta saio laburretan oso lan ona egiten du. Hemen ere aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte, maila nagusikoek bezalaxe. J.L.

Eneko Otañok iaz lortutakoari eutsi nahi dio

Eneko Otaño, Eneko Saralegi eta Iker Vicente izango dira bihar jokatuko den 19 urtez azpiko finalean. Beizamakoa da egungo txapelduna, eta iaz lortutakoari eusteko asmoz plazaratuko da Izarraitz pilotalekura. Saralegi da, ustez, aurkaririk arriskutsuena, baina kontuz ibili beharko dute Vicente II.arekin ere.

Nafarroak izango du ordezkaritzarik handiena

Biharko finaletan parte hartuko duten aizkolarien artean, Nafarroak izango du ordezkaritzarik handiena. Nazabal, Erasun, Saralegi eta Vicente baitira Nafarroakoak. Gipuzkoak, berriz, hiru izango ditu, final bakoitzean bat. Unai eta Eneko Otaño eta Larrañaga dira herrialde horretakoak. Atutxak Bizkaia ordezkatuko du, eta Rodriguez II.a, berriz, Segoviako ordezkaria izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo