Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Mundua konkistatzen (I)
Mikhail Bakhtinek esaten zuen hizkuntza ez dela gardena; aitzitik, asmoz beterik dagoela, hizlariaren beraren asmoek eta entzulearen asmoek betea alegia. Bakhtinen gogoeta hori etortzen zait burura komunikabideen petralkeriarekin topo egiten dudan bakoitzean. Ezen, komunikabideek gauzak diren bezala, gardentasunez, kontatu nahi dizkigute, ohartu gabe hori ezinezkoa dela. Beti dago agenda bat, kultura/ideologia bat, hitzen erabilera gidatzen duena. Azken egunetan aztoratuta eduki nauen kasu bat aipatuko dut adibide moduan. «El conquistador del fin del mundo»ren hurrengo denboraldia iragartzen dabiltza egunotan, inoiz ikusi ez dudan (ezta ikusteko gogorik izan ere) saio ustez arrakastatsua. Poskolonialistoi zerbaitek goragalea ematen badigu, «konkistatzaile» hitzaren erabilera arduragabea da zalantzarik gabe. Berdin du zein den testuingurua. Kasu honetan, baina, esan beharra dago konkistarena ez dela eufemismo hutsa, gertatu egiten delako saioa grabatzen den bakoitzean. Saioaren zuzendaritzak eta ekipo teknikoak pentsatuko du sekulako faborea egiten diela Patagoniako biztanleei haien lurraldeari publizitatea egiteagatik, ohartu gabe espektakuluaren industriak duindu beharrean exotizatu egiten duela beti Bestea. Ez hori bakarrik, grabaketek iraun bitartean eurena bihurtzen dute espazioa, aspaldiko kronika kolonialetan bezala «basati», «menderakaitz», eta «natural» moduan (hots, ez zibilizatua) deskribatzen den lurraldea domestikatuz. Patagonia «munduaren amaiera» izendatzeak ukitu kolonialista indartu besterik ez du egiten. Ziur naiz tokikoak ez daudela izendapen horrekin batere ados.