GARA > Idatzia > Kultura

Miren Agur Meaberen eta Josu Lartategiren hiru nobela labur, euskara ikasiz gozatzeko

M. I. | DONOSTIA

Arian euskara ikasteko metodoaren barrenean, hiru liburuxka plazaratu ditu Elkar argitaletxeak, bi Miren Agur Meaberenak eta bat Josu Lartategirena. Txantxon Zubeldia editoreak azaldu zuenez, euskara ikasten ari den jendeari zuzenduak daude irakurgai hauek, A 1 mailatik gorakoei: irakurmenaren ulermenarekin lotutako ariketak dituzte dagozkien erantzunekin, eta hiztegi bat esakuneekin. CD bat ere ekartzen dute, istorioaren grabazioarekin. Hala ere, bereziki ikasleentzat sortuak izan arren, edozein nobela laburrek bezala gozarazten dutela erran zuen Zubeldiak. Lartategik nabarmendu bezala, literatura mailakatua baita, baina literatura, azken batean. Nahiz eta apala izan, eduki gramatikalek mugatua, bultzada edo asmo literarioa dago atzean, benetako istorio bat, bere tentsio, dinamismo eta barreneko indarrarekin.

Borrokalarien istorioa

Meaberen bi istorioak hagitz desberdinak dira: lehendabizikoa, «Tangoa noizean behin», linealagoa da, misterio txiki batekin, ukitu sentimentalarekin eta amaiera lasaigarriarekin. Bertan, idazle lekeitiarrak orpoz orpo jarraitu zion programari. Bigarren nobelatxoa, «Borrokalari argitsuak», aldiz, libreago idatzi zuen. Istorio honetan, une batean hainbat emakumeren bizitzak gurutzatzen dira; guztiak dira idazle baten pertsonaiak. «Ez dira heroiak, baina bada epika txiki bat, borroka egin behar dutelako aurrea jotzeko». Lartategiren lanak «Otsoa» izena du, eta otsoaren eta gizakiaren arteko borroka kontatzen du.

Digitalean ere eros daiteke Arian metodo hau, Elkarren webgunean. Iragarri zutenez, irakurgai hauen maila igotzen joanen dira eta istorio gehiago kaleratuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo