Bokaleko portuko Celsa enpresako langileek bi eguneko greba abiatu dute
GARA | BAIONA
Bokaleko portuan kokatua dagoen Celsa enpresan (ADA ohia) dagoen langileekiko jokaera eta lan baldintzen txartzea salatzeko hogei eta lau orduko greba abiatu zuten atzo langileek. Grebarekin batera, CGT eta FO sindikatuek sustengaturik, berrogei eta hamar lagun bildu zituen elkarretaratzea egin zen atzo goizean.
Langileek jakinarazi zutenaren arabera lantegiak biltzen dituen 256 langiletatik hamarrek dimititzera behartuak izan dira buruzagien presioagatik. «Urte bukaera geroztik, astero langile baten kanporatzearen berri daukagu», gogoratu zuten. Dominique Chebrol lantegiko sindikatu ordezkariak gogoratu zuen zuzendaritzak egin ahal guztiak egiten dituela langileak dimisiora bultzatzeko.
«Aski da!» aldarrikapen nagusiarekin, atzoko elkarretaratzean, beraz, lantegian gertatzen diren neurriz kanpoko kanporaketak, enpresak burutzen duen garraztasun eta presio politika salatu zuten. «Erosteko ahalmenaren estagnazioa, lan kontratuak zalantzan jartzea, lan kodigoaren zalantzan jartzea eta abisu etengabeak eten gabe errepikatzen ari dira», berretsi zuen sindikatu kideak.
Elkarretaratzean bilduak ziren langileek eguneroko lanari heltzeko zituzten arazoak ere mahai gainean jarri zituzten. «Gero eta kamioi gehiago bete behar ditugu. Ez da gehiago itsasontzirik garraiatzen, orduan, langileek gero eta azkarrago ibili behar dira kamoiak kargatu eta deskargatzeko». Egoera horrek ez du, langileen arabera, deus ikustekorik krisi arazo batekin, enpresak urtero 400 milioi euroko etekinak baititu.