G20-koen bilkuraren aurrean, eredu berri baten aldeko Gipuzkoako I. Topagunea
Ekainaren 18an eta 19an G20koek bilkura egingo dute Mexikon. Hori dela-eta, Euskal Herriko hainbat eragilek kontra-bilkurarako deialdia luzatu zuten, «bilkura antidemokratiko eta atzerakoi» horri erantzun eta «krisiari aurre egiteko alternatibak proposatzeko».
Garazi MUGERTZA |
Ekainaren 18an eta 19an G20koak Mexikon egitekotan diren bilkura «antidemokratiko eta atzerakoiari» erantzuteko eta «krisiaren aurrean alternatibak proposatzeko» antolatu duten kontra-bilkurarako deialdia egin zuten atzo Euskal Herriko hainbat eragilek, Donostian eskainitako prentsaurreko baten bidez.
Asier Calvok eta Izaskun Mitxelenak nabarmendu zutenez, G20koen bilkuran, Europar Batasuneko eta munduko hemeretzi estatu boteretsuenetako gobernuburuek sistema ekonomikoaren gainean «eurek nahi dituzten erabakiak» hartuko dituzte, «eredu sozioekonomiko hau betikotu eta iraunarazteko». Gainera, hemeretzi estatuen artean «giza garapen txikiena duten 50etatik bakar bat ere ez» dagoela salatu zuten.
«Bilkura hau pairatzen dugun sistema krisi internazionalaren testuinguruan kokatuko da, eta beraien sistema zaharrera itzultzeko ahaleginetan gailenduko da. Planetako populazioaren erdia zapalkuntzara, esplotaziora eta hiltzera kondenatzen duen beraien sistema zaharra», azaldu zuen Mitxelenak. Honen aurrean eginiko apustua «matxinatzea» dela azaldu zuten, «krisi hau alternatiba kritiko baten bitartez gainditzeko».
Hala, «ikuspuntu lokal baina ikusmen global batetik abiatuz», Gipuzkoan «eredu berri baterako gogoetak, dibulgazioak eta eraikuntzak jarrai dezan», eredu sozial alternatibo baten aldeko Gipuzkoako lehen topagunean parte hartzeko gonbita egin zuten.
Gipuzkoako I. Topagunea
Ekainaren 17an hasi eta 22an amaituko diren topaketa hauetan, «eguneroko bizitzan herritarrak baliabidez hornitzeko» alor eta ibilbide anitz landu dituzten hainbat kolektibok «tresna praktiko eta zuzenak» mahai gainean jarriko dituztela agertu zuen Mitxelenak. Horretarako, mahai inguru, hitzaldi eta bideo emanaldiak antolatu dituzte, besteak beste.
Igandetik aurrera, kontsumo eta ekonomia alternatiboaren, feminismoaren, internazionalismoaren, ekologismo eta antidesarrollismoaren gainean aritzeko aukera emango dute Donostiako Bulebarrean.