Hauteskundeak EAJk irabaziko dituela esan ondoren, beste alderdiekin akordio zabalak lortzeko prest agertu da Urkullu
GARA | BILBO
Gasteizko Parlamenturako datozen hauteskundeetan EAJ nagusituko dela nabarmendu zuen atzo alderdi horretako buru Iñigo Urkulluk. Bozketen ondoren, gainerako alderdiekin akordio zabalak lortzeko asmoa duela gaineratu zuen.
Radio Nacional de España irratiari emandako elkarrizketa batean azpimarratu zuenez, PPren Gobernuak hauteskunde-erroldaren inguruan egindako proposamena, alegia, ustez ETAren mehatxuek eraginda Estatu espainoleko beste lurraldeetara bizitzera joan direnak hauteskunde-erroldan sartzeko egitasmoa kritikatu zuen Urkulluk, «hauteskundeetan onurak lortzeko zekenkeria delako».
EAJko diputatu Josu Erkoreka ere egitasmo horren aurka agertu zen. «Joan den urte amaieran ETAk armei agur esan ondoren, ez dago inolako arazorik Euskadin bizitzeko. Nahi duenak erroldan izena eman dezake eta legeak eskatzen duena betez bozkatu», esan zuen.
Lakuako Gobernuko eledun Idoia Mendia ere Madrilgo egitasmoaren aurka azaldu zen. «Orain ez da komenigarria legea aldatzea, biktimismoa areagotzen baitu», ohartarazi zuen.
Urkulluk hau esan zuen: «EAJrengan konfiantza osoa dut eta baldintza hauetan ez dut uste ezker abertzalea ez dagoela aprobetxatuz lorturiko PSE-PP akordioa berriro gauzatuko denik. Beraz, ez da izango PPren sostenguari esker PSEk lortzen duen gehiengo osorik. Eta horrek beste agertoki batera garamatza».
Gauzak horrela, hauteskundeen aurretik EAJk ez du ez batzuekin ez besteekin itunik lortzeko asmorik. Hauteskundeen ondoren, ordea, programak aztertu eta indarrak biltzeko aukerak aztertuko dituztela adierazi zuen Urkulluk.
«Egoera hau konpontzeko beharrezkoak diren akordioak lortzeko prest gaude. Bai krisia konpontzeko, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko zein normalizazio eta elkarbizitza politikoan eta autogobernuan. Horretarako, eskuak zabalik izango ditugu», gaineratu zuen EAJko buruak.
PSEko presidente Jesus Eguigurenek EH Bildu koalizioak irabazteko inolako aukerarik ez duela adierazi zuen. Efe agentziari emandako elkarrizketa batean 2011ko hauteskundeetan «ezker abertzalea gailurrean egon ondoren orain maldan behera» doala nabarmendu zuen PSEko buruak.
«Hirugarren indar politikoa izan daiteke, inolaz ere lehenengoa edo bigarrena. Lehenengo postua PSErentzat erreserbatuta dago eta bigarrena EAJrentzat», esan zuen Eguigurenek.