«80 egunean» filma estreinatuko da gaur Estatu frantsesean
Euskal Herrian eta euskaraz egindako film bat Estatu frantseseko zinema-areto komertzialetan ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera. Filmaren 25 kopia banatu dituzte, hain zuzen ere, horietatik sei Parisen. Iñaki Gomez Sarasola ekoizlearen aburuz, «horrelako estatu batean estreinatzea jauzi kualitatibo handia da».
Alvaro HILARIO | BILBO
Ipar Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan ez ezik, Estatu frantses osokoetan estreinatuko dute Euskal Herrian eta euskaraz egindako film bat: Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko «80 egunean».
Aurretik, Poloniako eta Norvegiako aretoek ere hartu dute filma.
2010ean estreinatu zen filmak maitasun istorioa kontatzen du; maitasun hiruki bitxia dugu, ezohikoa dena euskal zinemagintzan.
Ezohikoa da, halaber, horrelako film bat Euskal Herritik kanpoko zinema-aretoetan ikusgai egotea: «Estatu frantsesean ez da egunero film bat estreinatzen; are gutxiago euskaraz egindako film bat eta jatorrizko bertsioa euskaraz izanik», adierazi du filmaren ekoizle Iñaki Gomez Sarasolak, lorpen horrekin «oso gustura» daudela aitortuta.
Zinemagintza
«Film hau, eta egiten ditugun beste filmekin berdin egiten dugu, zinemaldi askotara bidali dugu. Izan ere, bost kontinenteetako ia 80 zinemalditan izan gara lana aurkezten, eta 28 sari irabazi ditu», kontatu digu Gomez Sarasolak zinemagintza nazioartean zelan dabilen azalduz; «aurretik, filma Polonian eta Norvegian egon da ikusgai. Filma ikusitakoan, hainbat banatzailek beren herrialdeetan dituzten aretoek `80 egunean' banatzeko eskubideak eskatu zizkiguten eta kontratuak sinatu genituen. Zinemagintzaren mundua horrelakoa da eta berdin izan da oraingo honetan».
Iñakik onartu du estreinaldi hau jauzi kualitatiboa dela: «Gure filmak txikiak direnez gero, operazio hauek, ekonomikoki, ez dira batere esanguratsuak, baina, kualitatiboki, poz handia ematen digu Euskal Herritik zein Estatu espainoletik kanpo gure filmek, bereziki euskaraz eginda daudenek, beraien bidetxo hori egiteak».
Hogeita bost kopia ipiniko dira abian gaur: «Normalean, saldutako sarreren %30 ematen digute, beraien gastuak deskontatuta. Bestalde, telebistekin ere kontratuak egiten ditugu; 3.000 euroko operazio xumeak izan ohi dira, erosleak telebista txikiak edo kablekoak izaten direlako. Aberasteko modukoak ez dira, behintzat, baina kualitatiboki polita iruditzen zaigu».
Ekainaren hasieran filma Parisen ikusgai egon zen, Different 5! zinemaldian: «Epicentre banatzaileak urtero antolatzen du Estatu espainoleko zinema ardatz duen astea. Eskubideak saldutakoan, filmaren promozioa egiteko ideia ona zelakoan, bertara joatera gonbidatu gintuzten», azaldu du Iñakik; «bide batez, iaz egin genuen `Urte berri on, amona' ere eskaini genien. Film bien taldeak izan ziren Parisen, proiekzio pare bat egiten eta ikusleriaren galderei erantzuten».
«80 egunean» bost kontinenteetako 80 zinemalditan egon da eta 28 sari irabazi ditu. Estatu frantsesean, Polonian eta Norvegian estreinatu da.