GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

«Reductio ad Hitlerum» komenentziara

Nick Cohen kazetariak dioenaren arabera, hemen inguruko gizontto ospetsu batek esango lukeen bezala: «sin complejos» esku hartu behar luke lerroburuetan birritan aipatzen zen «Mendebaldeak» Sirian

Arestian bete dira sei urte Euston Agiria kaleratu zenetik. Ez dakit haren sinatzaileak ere oroitu ote diren urtebetetzeaz. Ezkerraren norabidea «zuzentzeko» helburu hanpurutsuarekin (edo, gutxienez, Mendebaldeko jendarte ezkertiarrean mundu islamiarrari buruzko irizpide errotuenak aldarazteko asmoarekin) sortu zen ekimen hark ez baitzuen bere lehen azterketa ere gainditu, urtebete geroago Israelek Libanoko gerra sutu zuenean. Agiri hartan britainiar intelligentsia aurrerakoiaren zati mardul baten aburu ederrak (diktadura ororekiko etsaigoa, edonorentzat giza eskubide guztiak exijitu beharra, edozein arrazakeria eta terrorismorekiko areriotasuna...) errealitatearekin topo egindakoan zein era ezberdinetan uler zitezkeen agerian geratu baitzen.

Neu ere ez nintzen Euston Agiriaz oroituko adierazpen haren bultzagile nagusietakoa izan zen Nick Cohen kazetariak Siriako gatazkari buruz idazten zuenarekin topo egin izan ez banu pasa den asteburuan. «Eustonian» batzuen ikuspegien labur-bilduma dela apustu egingo nuke.

Artikuluaren izenburuak berak bilbatzen zuen Cohenen ikuspegia: «Errusiak inozotzat hartzen ditu demokrata mendebaldarrak». Eta zalantzak uxatzeko, azpitituluan berresten zuen: «Siriarako soluziobidea bilatzeko esfortzu mendebaldarrak lekuz kanpoko begiramenagatik ari dira porrot egiten». Beraz, hemen inguruko gizontto ospetsu batek esango lukeen bezala: sin complejos esku hartu behar luke lerroburuetan birritan aipatzen zen «Mendebaldeak» Sirian. Betiereko arrazoia ez ezik, nahi ahala indar daukalako hartarako, ikusten denez, demokraziaren lorategi mendebaldarrak.

Euston Agiriaren ataletako batekin -tirania guztiei, baita ezkertiar mozorroa dutenei ere, aurre egin beharra aldarrikatzen zuenarekin- guztiz bat letorkeela bere ikuspuntua esango du Cohenek. Dokumentu haren beste hainbat punturekin (eta bereziki, islamismoarekin elkarlana ezesten zuenarekin edota terrorismo eta xenofobia guztiak arbuiatzen zituenarekin) nola uztar dezakeen ulertzea kosta egiten zait, ordea, niri.

Edonola ere, Cohenen artikuluaren pasartetxo batek ernegarazi ninduen bereziki: «Diplomazia mendebaldarrak Sirian jasan duen porrotak odoletan itoarazi ditu ilusioak. AEBek, Britainia Handiak, Frantziak, Turkiak eta Arabiar Ligak men egin diote errusiar betoari. Haiek `esku hartze liberal' baten moraltasuna eta praktikotasuna tematzen zuten bitartean, diktadurek `interbentzio ez-liberala' gauzatu dute, Espainiako gerra zibilaren oihartzun modernoa bailitzan». Nola faltako zen reductio ad Hitlerum bat honelako ikuspegi batean?

Ikuspegietan ez ezik, kontzeptuetan ere Cohen bezalakoekin bat etortzea ia ezinezkoa zaidanez, analogia historikoetan behintzat zentzuz aritzea erregutuko nieke. Siriako gatazkak Espainiako 1936-39ko gerrarekin duen kidetasun eskasa beraiek ere ikusi behar dutelako. Eta, aldiz, ez al da ikusgarria egun Sirian gertatzen ari denaren eta 90ko hamarkadan Aljerian gertatu zenaren arteko hurbiltasuna eta paralelismoa?

Beharbada, hortxe dago koska.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo