GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alduntzinen lana defendatuz, norabidea plan berria dela berretsi du Diputazioak

Hondakinak kudeatzeko planak atzera bueltarik ez duela esan zuen Martin Garitanok atzo, lurraldeko hondakinak Igorrera eramateko akordioa amaitu zen egun berean. Oposizioak Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka mozioa eskatu izana ere gogor kritikatu zuen.

GARA |

Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko estrategia «diputatu baten burutazioa» ez dela, baizik eta «gobernu honen mandatuz egindako lana» dela adierazi zuen atzo, Donostian, Martin Garitano ahaldun nagusiak. Hala, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuaren lana defendatzeaz gainera, Bilduren lan talde osoa «gauzak ondo egiten» ari dela adierazi zuen.

Departamentu guztietako diputatuez babestuta, lehengo astean garapen dokumentua aurkeztu zenean hedabideen bitartez hainbatek Alduntzinen burua eskatu zutela kritikatu zuen bide batez, eta jarrera hori «ulergaitza» dela iritzi zion.

Erantsi zuen, halaber, «desadostasunak izatea zilegi» dela, baina puntu honetan gogorarazi zuen eztabaidatzeko gutxieneko prestutasuna ere ez dutela azaldu gainerako alderdiek. «Alderdi batek, esaterako, uko egin dio Europako adituen azalpenak entzuteari», adierazi zuen ahaldun nagusiak, PSE ez baitzen Martin Steinerrek eta Laia Valenzuelak -estrategiaren diseinuan parte hartu duten bost adituetako bi- Batzar Nagusietan eman zuten azalpenean izan.

Bere ustez, estrategiarekin egin dena errealitatea aztertu eta esparru horretara egokitzea izan da, modu honetan Gipuzkoak arazoari «modu eraginkor batez» aurre egin diola iritzita. «Estrategiaren oinarrian -jarraitu zuen- hondakinen kudeaketako hierarkiaren lehen hiru printzipioak daude: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Hau da estrategia».

Diputazioaren jarrera agertzeaz gainera, udalak ere izan zituen hizpide. «Hondakinak kudeatzeko eskumena dutenek, udalek, alegia, esan berri dute ez dutela erraustegirik behar. Azpiegiturak planifikatzeko eskumena duenak, beraz, zergatik ez dio udalen gehiengoari jaramonik egin nahi?», galdegin zuen Garitanok.

Akordioa amaitu da

Adierazpenok ez ziren edozein egunetan egin; izan ere, atzo amaitu zen Bizkaiak eta Gipuzkoak sinatua zuten akordioa. Haren arabera, azken lurralde honetan sortutako 18.000 mila tona zabor Igorreko zabortegira eramaten ziren urtero, alegia, Gipuzkoan sortzen den zaborraren %8.

Hain zuzen, Juan Carlos Alduntzinek apirilaren amaieran adierazi zuen akordioa ez berritzea ez dela arazo, hondakinak murrizteko politikei esker, %10-%12 inguru gutxiago sortzen baita. Esan zuenez, Urteta (Zarautz), Sasieta (Beasain) eta Lapatxeko (Azpeitia) zabortegiek jaso ahal izango dituzte 18.000 tona horiek.

ez dira handituko

Juan Carlos Alduntzinek adierazi zuen Sasieta, Lapatx eta Urtetako zabortegiek jasoko dutela orain arte Igorrera eraman izan den zaborra, baina ukatu egin zuen hiru zabortegi horiek handituko direnik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo