EH jaietan
Igorreko puzgarrietara, txu-txu trenez, eta arrastian Arantzarteren emanaldira
Egitarauaren erdialdera helduta, Igorreko Jai Batzordea pozik dago herritarrek parte-hartze handia izan dutelako, eta batez ere Intxaurbizkarrek bota zuen erronkari, «Euskararen alde `mile baietz'», emandako erantzunagatik. Adin guztietako igorreztarrak ibili ziren goiz-goizetik, oinez, patinez zein bizikletaz marka hausteko, eta eguerdirako lortua zuten. Gaur umeak dira protagonista. Txu-txu trena hartuta, puzgarrietan gelditu beharko, eta bukatzeko, Arantzarteren emanaldia.
Nerea GOTI | BILBO
Igorreko txikienak eskolara itzuliko dira gaur, baina ez eskola hartzera. Geletara sartu barik, ikastetxeko jolastokian egokitu dute saltoen erresuma. Garraiobidea ere antolatu du jai batzordeak herrian zehar, txu-txu trenaren zerbitzua izango baitute protagonista nagusiek, 11.00etatik 19.00etara.
Bidaiariek kontuan hartu behar dute trena orduro irtengo dela Garbe eta 105 bitarteko parkinaren ondotik.
Puzgarriez gain, bestelako jolasak eta proposamenak ere izango dituzte txikienek. Diotenez, aspaldiko joko batzuk izango dira eta buruari eragitekoak.
Arrastiko bigarren zatirako Arantzarteren dantza emanaldia iragartzen du egitarauak. Eguraldiak laguntzen badu, udaletxearen ondoko frontoian izango dira dantzak, eta euria eginez gero, kultur etxera eramango dute muntaketa osoa. Guztira, 70 lagun inguru jarri behar ditu dantzan laster 38 beteko dituen taldeak, zazpi urteko dantzarietatik hasita 66 urte ingurura artekoak.
Jai Batzordeko kideek nabarmentzen dutenez, beste talde eta elkarte askorekin gertatzen den moduan, Arantzartek jaiekiko izan duen jarrera eta inplikazioa eskertzekoa da.
Ikasturtea amaituta, herrian hainbat ekitaldi utzi dituzte atzean Gabonetan, inauterietan... eta udarako egitasmo zehatzik ez badute ere, seguru asko lau eguneko irtenaldiren bat egingo dutela iragarri dute.
Bestalde, biharko jai planari dagokionez, arrastira arte itxaron beharko dute jai zaleek kaleak girotzeko. Txikienek mikrofonoa eskuetan play-backean neurtzeko aukera izango dute. Nagusiagotxoak triki-poteora daude deituta, txosnetan, eta etxean afaldu beharrean, kalean hobeto, herri afaria eta karaokea izango baitituzte.
Jaien erdibidea gaindituta, antolatzaileek oso balorazio ona egin dute, izandako parte hartze handiagatik. Intxaurbizkar elkarteak zapatuan bota zuen «Euskararen alde, `mile baietz'» erronka jartzen dute adibide gisa. Oinez, patinez zein bizikletaz, goiz-goizetik adin guztietako igorreztarrak aritu ziren buru-belarri eta eguerdirako «mile eta gehiago» lortua zuten.
Jaietako lehenengo sei egunetan ikusitakoa ikusita, oso balorazio ona egin du Jai Batzordeak izan den parte hartze handia dela eta.