Euskara bere txoroan dakar «Lingua Nabajorum» komediak
Tartean teatroko Ez Dok Hiru bikotea osatzen duten Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek «Lingua Nabajorum» estreinatuko dute gaur, 20.00etan, Bilboko Kafe Antzokian; kobazuloetako keinuetatik hasi eta euskara baturaino gure hizkuntzaren historiaren errepaso «txoroa».
Ane ARRUTI | BILBO
«Ez dugu esan nahi euskararen historia txoroa denik, guk txorotu dugu», argitu zuten atzo Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek, «Lingua Nabajorum (Euskararen historia txoroa)» ikuskizunaren aurkezpenean. Ez Dok Hiru bikoteak abiatutako «trilogiako laugarren lana» da honakoa -«Euskara Sencilloaren Manifestoa» (2002), «Larru Haizetara» (2005) eta «Euskarazetamol» (2009) izan ziren aurretik- eta oraingoan ere, euskara dute ardatz nagusi, leizeetan bizi zirenetatik hasi eta euskara batuaren finkatzeraino.
«Euskarazetamol» lanean bezala, Jokin Oregi izango dute zuzendari eta, estilo berdintsua landu badute ere, bada ezberdintasun nagusi bat: «Orain arte Mikel eta Patxo izan gara taula gainean ere; molde horretatik gehiago atera eta esketx bakoitzean pertsonaia ezberdin bat izango gara, gure nortasuna aparkatu egiten dugu», argitu zuten.
Gauzak horrela, euskararen historian zehar, «euskarak aurrerapauso bat» eman zuen garai bakoitzean egingo dute geldialdia, «une historiko» bakoitzean, baina bi pertsonen momentu intimo batetik kontatuta. «Hasieran ez da hitzik egongo, Edan eta Eparekin sortuko da euskarazko lehenengo hitza», azaldu zuten. Ondoren etorriko dira aditzak, izenak, hitzak ordenatuz esaldiak... Euskara batura iritsi arte.
«Leinuen gerran, esaterako, ez zen ergatiborik existitzen eta sekulako arazoa zuten nork hil zuen nor jakin ahal izateko. Hainbat gerren ostean, Bergarako besarkadan konpondu zuten afera hori, bertan sinatutako Nor-Nori-Nork Bakean», kontatu zuen Martinezek.
Bikoteak historian zehar
Asko dira ordu eta hogei minutu inguruko ikuskizun honetan egingo dituzten hamabost esketx ingurutik pasako diren pertsonaiak: Santimamiñeko ehiztaria eta artista, erromatarra eta gerlari baskoia, Don Diego Lopez de Haro eta haren emaztea, Artxandako burdinezko gerrikoan dauden soldadu errepublikarrak, 60ko hamarkadan Estatutuaren alde sinadurak biltzen dabilen andra bizkaitarra eta ezertxo ere ulertuko ez dion Zuberoako bisitari bat...
«Don Diego Lopez de Haroren garaian maskulinoz hitz egiten zen: `preokupatuto gaude, kezkatuto, denok egon behar dugu batuto...', eta bere emaztea izan zen proposatu ziona femeninoa generiko moduan erabiltzeko. Horregatik dugu euskara hizkuntza feministena», erantsi zuten.
«Lingua Nabajorum» obraren testua Telleriak idatzi du eta ideia Stefan Zweig idazle austriarraren «Sternstunden der Menschheit» (Humanitatearen momentu gorenak) nobelatik hartu zuela aitortu zuen. «Historiari buruzko kuriositatea ere piztu nahi genuke, baina gure istorioak asmatuak dira, noski».
Obraren estreinaldia gaur izango da, 20.00etatik aurrera Bilboko Kafe Antzokian eta, beste lauzpabost emanaldi lotuta badituzte ere, aitortu zuten ekaina ez dela antzerki garaia eta ikusi beharko dela jendeak eta programatzaileek nola erantzuten duten.
Hala ere, baikor agertu ziren. «Azken montajeetan ikusi dugu gero eta ezagunagoak garela, eta, batez ere, publiko gehiago etortzen dela emanaldietara. Espektazioa behintzat badago eta jendeak dagoeneko badaki zertara doan», esan zuen Martinezek. «`Lingua Nabajorum' izena bera ere oso ondo sartu da», erantsi zuen.
«Trilogiako laugarren lana» da «Lingua Nabajorum» eta aurrekoek bezala, euskara izango du ardatz. Ezberdintasun nagusia eszenaratzean dator: Bi aktoreek hainbat pertsonai hezurmamituko dituzte eta emanaldia sketch-etan banatuko da.
Obra: «Lingua Nabajorum».
Konpainia: Ez Dok Hiru - Tartean teatroa.
Lekua: Bilboko Kafe Antzokia.
Ordua: Gaur, 20.00.
Sarrera: 10 euro.