GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizarte heziketako laguntzarik ez kentzeko eskatu diote eragile sozialek Azkunari

p020_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Ehunka ikasle, irakasle, guraso eta hezitzaile batu ziren atzo, Bilbon, ozen salatuz udal gobernuak diru laguntza ia osorik kendu izana Gugaz Aurrera ekimenari. Hain zuzen, eskola ordutegitik kanpoko hezkuntza laguntza eskaintzen du zerbitzu horrek, adin txikikoentzat.

Protestaren bozeramaileek aditzera eman zutenez, 14.004 sinadura bildu dituzte egunotan, Udalari eskatuz ekimen horren diru laguntza mantentzeko. Izan ere, aurtengo aurrekontuetan, udal gobernuak %83ko murrizketa egitea erabaki du, inolako azalpenik eman gabe.

Atzoko protesta ekintzan, bi gaztek hartu zuten hitza, eta Azkuna alkateari bidalitako gutun bat irakurri zuten. Eskerrak ematen zizkioten orain dela hamahiru urte, 1999an, Gugaz Aurrera proiektua martxan jartzeagatik. «Hasieran amaren zigorra izandakoa, nire ikasketekin neuzkan arazoak gainditzen lagundu zidan azkenean, bizitza osoan jasandako zigorrik goxoena izan da», esan zuten gazteek.

Baina egoera aldatu egin da orain. «Gure esperantzak, gure ilusioak, Nerbioi ibaian urperatu dira», gaineratu zuten bi gazteek. «Ez dugu ulertzen hartutako erabakia. Ez dakigu konpetentziez edo aurrekontuez, baina ezin dugu ulertu 500 gazteei laguntzen dien proiektua ezerezean uztea», esanez amaitu zuten.

Azkunak zuzentzen duen udal gobernuak murrizketak egin ditu hezkuntza arloan aurtengo aurrekontuetan. Hala, Neguko eta Udako eskolak deiturikoak desagertu egingo dira, eta premia bereziak dituzten ikasleei bideratutako laguntza klaseetarako diru laguntza, esan bezala, %83 murrizteko asmoa du.

Erabaki horrek berehalako ondorioak izango ditu, tailer horietan parte hartzen zuten bostehun ikasle inguru zerbitzutik kanpo geratuko direlako.

Itxaropena mantenduz

Halere, Gugaz proiektuan parte hartzen duten gizarte hezitzaile, guraso eta gazteek ez dute etsi. Leticia Perez proiektuko pedagogoak GARAri argitu zionez, Bilboko Udalarekin eta Lakuako Hezkuntza Sailarekin batzartzeko eskaera egin dute, baina oraingoz ez dute erantzunik.

Perezek ez du itxaropena galdu nahi: «Gurasoek nahiko jarrera positiboa azaltzen dute, optimista agertzen dira» udal gobernuarekin hitz eginez gero «euren pisua balioetsi ahal izango dutela uste dutelako».

Murrizketaren ondorioz, Otxarkoagako eta Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zaballa guneetako gazteek baino ezin izango dute zerbitzua jaso, eta hein horretan, «beste auzoetan bizi diren, eta egoera familiar edo ekonomiko larrian dauden gazte pilo bat kalean geratuko dira». Ondorioak izango ditu horrek, Perezen ustetan: «Hezkuntza ezak ondorio zuzenak dauzka nerabearen garapenean, esaterako, delinkuentziaren mundura sartzera bultzatzen ditu asko».

Bilboko Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriaga oso zorrotz agertu zen Azkunaren gobernuaren erabakiarekin: «Ikusten dugunez, murrizketa guztiak arlo sozialean egiten dira, eta inoiz ez konfiantzazko karguetan edo soldatetan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo