GARA > Idatzia > Kultura

Eztena teatro egunak abiatuko ditu gaur Errenteriako Mikelazulo elkarteak

p049_f01_91x84.jpg

GARA | DONOSTIA

«Bertako antzerki sortzaileen erakusleiho, ikusle-sortzaile eta antolatzaileen arteko topaleku eta ideia berrietarako sorleku» izan nahi duen Eztena teatro egunak ospatuko ditu gaur hasi eta igandera bitartean Errenteriako Mikelazulo elkarteak. Konpainia beteranoetatik hasi eta talde berrienek egindako proposamenetara, egitarau oparoa prestatu dute aurtengoan ere. Gaur, hasteko, haurrentzako “Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” ikuskizuna izango da Dejabu panpin laborategiaren eta Artedramaren eskutik Xenpelar etxean, 17.00etan eta 18.00etan, eta, datozen egunetan, Legaleon-T, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa, Simulacro-T, Javi Barandiaran, Iñaki Moral, Anakrusa eta Zozongo pasatuko dira Errenteriatik.

Gainera, urtero bezala, ostiralean 20.00etan Mikelazulon sormen bidean diren lanen aurkezpenaz gozatzeko aukera izango da Piezak atalean. Aurten emakumeak izango ditu protagonista. Euren piezak aurkezten izango dira Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Miren Gaztañaga, Gabi Ocina, Itziar Rekalde, Erika Olaizola eta Ane Arenas.

Arantxa Iurreren “La mujer en las artes escénicas de Euskadi, s.XXI” liburuaren aurkezpena ere izango da, Simulacro-T konpainiak eta idazleak berak eskainiko duten aurkezpen-performance baten bidez, bihar 19.30ean Mikelazulon. Igande goizean berriz, antzerki antolakuntzaren amaraunaz arituko dira gosari-eztabaidan, 10.30ean.

Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da eta nahi duenak babes ekonomikoa eman diezaioke jaialdiari 10 edo 20 euroko “Eztena kide”  bonua erosiz. Informazioa eta egitaraua eztena2012.blogspot.com.es atarian dago ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo