GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Baik ez die bigarren itzulirako kontsignarik emanen militanteei

EH Baik hauteskundeen bigarren itzulirako kontsignarik ez duela emanen esan zuen atzo, ezkertiar eta abertzale gisa eskuina eta ezkerra bereizten dituela nabarmendu arren. Sozialisten politikarekiko duten «konfiantza apalak» behartu ditu erabaki hori hartzera.

p012_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulirako jarrera zehazteko ordua zuen atzo EH Bai koalizioak. Anita Lopepe, Peio Etcheverry-Ainchart eta Laurence Hardouin hautagaien eskutik, EH Bai koalizioak, aurrena, «abertzale eta ezkertiar gisa, ezkerra eta eskuina bereizten» dituela azpimarratu nahi izan zuen. «Jendarte proiektuaren aldetik eta Euskal Herriko berezko gaiei begira, amildegi bat dago UMPren proiektuaren eta gurearen artean», gogorarazi zuen Etcheberry-Ainchartek. Jean Grenet eta Michele Alliot-Marie diputatu ohiak Nicolas Sarkozyk eramandako politikaren «ikur» izateaz gain, urteetan Ipar Euskal Herrian indarrean izan den «notabilismoaren» sinboloak direla salatu zuen. Alliot-Mariek Anzaren desagerpen eta hilketan daukan erantzukizuna ere aipatu zuen.

Horiek oro kontuan harturik, eskuinaren kontra bozkatzera deitzeko nahia agertu zuten hautagaiek, baina, halaber, ezintasuna. «Ezin dugu ezkerraren alde deitu, PSren erruz», tamaldu zuten. Eta, ondorioz, datorren igandeko Legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulirako «kontsignarik ezin» dutela eman jakinarazi zuten.

Sozialistak krisiari aterabidea emateko EH Baik egiten dituen proposamenetatik urrun kokatzeaz gain, Euskal Herriarentzat «enblematikoak» diren gaietan -instituzioa, gatazkaren konponbidea eta AHT proiektua- «ukazioarekin» baizik ez dutela erantzuten esan zuten. «Alderdi Sozialistarekiko konfiantza apala dugu», argitu zuten.

Modem eta PSri galdetegia

EH Bai-ren jarrera aldaezina dela argi utzi zuten hautagaiek, baina Ipar Euskal Herriko instituzioa, euskara, gatazka politikoa eta AHT proiektua, horiek guztiak bigarren itzuliko kanpainan ere egoteko Alderdi Sozialistari eta Modem zentristari galdeketa «itxia» helarazi zietela azaldu zuten. Ostegunera arteko epea dute alderdiek ihardesteko. «Hautagaiek posizioak emanak dituzte, baina ez da nahikoa, alderdiak ere bere egin behar ditu», erran zuen Hardouinek. Baiezkoa edo ezezkoa erantzuteko aukera soila ematen zaie, eta erantzunak alderdiaren «logoa» izatea eskatzen dute. «UMPri ez diogu bidali argi dugulako ez dugula sekula beraien alde eginen». PNBk, bere aldetik, ez zuen deirik zabaldu, eta emaitzei begira, «zentristen familia berreraikitzeko behar gorria» dagoela esan zuen.

Bizi!-ren deia

Lehen itzulian egin galdeketari UMPk erantzunik eman ez dionez, «txeke zuririk» ez ematera deitu zuen Bizi!-k. Ez du deitu sozialisten alde egitera ere, horren erantzunak eskasak direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo