GARA > Idatzia > Kirolak> Automobilismoa

Analisia | KANADAKO SARI NAGUSIARI BEGIRADA

Zazpi miragarriak

Asko hitz egin da egunotan Alonsok eta Ferrarik Kanadan egindako estrategia akatsaz. Lasterketa batean geldialdi bat edo bi egin erabakitzea zeinen konplexua izan daitekeen azaltzen du egileak bere testuan. Grosjean soilik bi itzuli beranduago gelditu zen, eta bere pneumatikoek 55 itzuli iraun zuten eta 2. postuan amaitu zuen; Alonsorenak gurpil berdinak ziren, eta soilik 45 itzuli iraun zuten. Argi dago «setup» desberdina zeramatela.

p035_f01_435x435.jpg

Xabier ALZELAI Proba ingeniaria

Igandeko lasterketaren amaieran Alonsok eta Ferrarik hertsiki defendatu zuten hartutako erabakia, garaipena lortzeko burututako estrategiak kale egin ondoren. Zituzten datuekin eta lasterketa zegoen bezala, geldialdi bakarra egitea erabaki zuten, jokaldi arriskutsu batean. 50. itzulian asturiarra buruan zen, Hamiltonek bigarren aldiz gelditzea erabaki zuen unean. Alonso 51. itzulian zegoela itzuli zen Hamilton pistara, Alonsorengandik 14,8 s-ra. Azken lasterketetako konportamenduak ikusita, lidergoari eusteko moduko abantaila zeramala zirudien.

Bestalde, Ferrariren aurtengo pit stop-ak benetan azkarrak dira, ez zen denboraldiko lehen aldia izan boxetan posizioak irabazteko aukera aprobetxatzen dutena. Hori kontuan hartuta, nahiz eta geldialdi batean guztira 16-18 s galduko lituzkeen, bigarren geldialdia Hamiltonen segidan burutu izan balute, argi eta garbi garaipenerako aukerak izango zituzketen. Baina Ferrari Vettel zaintzen ari zen, atzetik 3 s-ra zetorrena, eta geldialdi bateko apustua egiteko aukerarekin.

Larunbateko kalifikazioaren ostean, lagun batekin apustu bat bota nuen, igandean nork irabaziko. Denboraldian lehen aldiz Alonsoren alde egin nuen apustu. 3. postutik ateratzen zen, eta arrazoiren batengatik, agian azken lasterketetako hobekuntzengatik, oraingoan Ferrari erasora pasatuko zela suposatzen nuen. Behingoan lasterketa irabaztera irtengo zirela, kalteak murrizten saiatu beharrean.

Argi eta garbi, Ferrari lasterketa irabaztera irten zen, bere benetako boterea erakutsi nahian. Irabazteko, futbolean bezala, hemen ere golak sartu behar dira, erasorako arriskuak hartuz. Dena den, talde lehiakorrenek, ezin hobeki erasotzeaz gain primeran defendatzen dute. Ferrarik igandean erasotzeko ordua zela erabaki zuen eta gaizki atera zitzaion.

Gertakizunen ostean hitz egitea errazena da. Edozein kasutan, ezin naiz Ferrarirekin ados egon igandeko estrategia ebaluatzeko orduan. Maranellon ez dute «akats» terminoa entzun ere egin nahi. Ferrarik, aurreko lasterketetako degradazio maila kontuan hartuta bere kalkuluak atera zituen, eta espero ez bezalako degradazio maila sufritu zuten. Grosjean soilik bi itzuli beranduago gelditu zen, eta bere pneumatikoek 55 itzuli iraun zuten eta 2. postuan amaitu zuen; Alonsorenak gurpil berdinak ziren, eta soilik 45 itzuli iraun zuten. Argi dago setup desberdina zeramatela, baina Hamiltonen ostean gelditu izan balitz, garaipena lortzetik oso hurbil ibiliko zela argi dago. Dena den, denboraldiaren eboluzioa ikusita, aurten titulua irabazi nahi duenak erregularra izan behar du. Igandekoa bezalako egoera baten, Alonsorentzat 2. edo 3. postuarekin konformatzea suposatzen zuen, denboraldi luzera begira. Bestalde, nolabait ulertzekoa da asturiarrak bere taldeari garaipena emateko duen gogoa.

Horrez gain, estrategiako ingeniariek zenbakiei jarraitzen diete eta ez pilotuaren irabazteko pasioari. Zenbaterainoko errorea izan zen Ferrari eta RedBull-ena? Zenbakiak aurreko lasterketetan jasotako datuetan oinarritzen dira, eta eredu horien arabera, bi estrategiak (geldialdi bat edo bi) benetan gertu zeuden bata bestearengandik. Asteburuko datu batzuk begiratu ditut, eta hauen arabera, McLaren, RedBull eta Ferrari bata bestearengandik oso gertu zeuden abiaduran.

Montrealen geldialdi bakarra planifikatzearen arazoa zera da: bi geldialdi egiten dituenaren aurretik geratu arren, bere 2. geldiaren ondoren, bere gurpilak fresko daude eta DRSaren laguntzarekin nahiko erraz aurreratu zaitzake. Dena den, safety car-a ateratzeko %71eko aukerarekin, posizioak aurreratu nahi dituzten pilotuentzat geldialdi bakarrera joatea kontuan hartu beharreko aukera da.

Ostiraleko entrenamenduetan ikusitakoaren arabera, degradazioa ez zen arazo bat izango eta geldialdi bateko estrategia efektiboki burutzea posible izango zen, gurpilak apur bat zainduz. Baina McLarenen argi zuten bi geldialdi egin beharko zituztela gutxienez. Beraien kalkuluen arabera, bi geldialdiko estrategia geldialdi bakarrekoa baino 10 s inguru azkarragoa zen. McLaren-ek auto bakar bat erabili zuen ostiralean; Ferrarik berriz tandarik luzeena Massarekin osatu zuen, 12 itzuliko stint bat. Datu gabezia honek segur aski bere eragina izan zuen igandean. Zailtasunak gutxi balira bezala, igandean ostiralean baino 15°C beroago argitu zuen. Talde guztiek estrategiak birplanteatu behar izan zituzten. Pirelli hauekin berotako degradazioa oso bat-batekoa da eta itzuli batetik bestera itsasgarritasunean galtzen dute.

Perezen podium berri batek bere gaitasuna azpimarratzen du, abiadura mantentzeko gaitasuna, gurpilak ondo zaintzen dituen bitartean. Ez dago guztien eskuetan, eta hortaz jabetzeko bere taldekideari begiratu besterik ez dago. Kezkagarria zera da: denboraldiko 2. lasterketa da non geldialdi bateko estrategiak arrakasta duen, prozesio itxurako lasterketa egitearen truke. Hamiltonen estrategia desberdinagatik izan ez balitz, lasterketa aspergarritasunaren barruan sartzen zen erabat. Esango nuke auto eta pneumatiko hauek bi edo hiru geldialditara funtzionatzeko diseinatuta daudela, non pilotuek limiteak bilatzeko askoz aukera gehiago dituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo