GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EH Baik bigarren itzulirako boz kontsignarik ez ematea, PSren jarrera tamalgarriaren erakusgarri

Euskal Herria Bai koalizioak Estatu frantseseko Legebiltzarrerako hauteskundeetako bigarren itzuliari begirako boz kontsignarik ez emateko erabakia ez da albiste ona, solaskide ukan dituen frantses alderdien jarrera hertsiaren ondorio den aldetik. Koalizio abertzaleak mahai gainean jarri dituen gaiez denaz bezainbatean, beren jarrera zurrunaren aldatzeko asmorik ez dutela erakutsi dute alderdi horiek, eta Ipar Euskal Herriaren arazoak ez dituztela ulertzen, hots, ez dituztela ulertu nahi. EH Baik, ezkerreko indarra izaki, PSko hautagaien sostengua hobetsiko zuela uste izatekoa zen, alderdi horrek gutxieneko adostasunerako borondatea agertu izan balu. Halere, Ipar Euskal Herriko PSko hautagaien adierazpenak ez dira aski. Honetara ezkero, azken hamarkadetako eskarmentuaren argitan, ez da aski hautagai baten asmo ona, zintzoa izanik ere. Baitezpadakoa da alderdiak asmo hori eta, halaber, konpromisoa berrestea, horiek gabe alderdiko kide baten borondateak ez baitu deus balio. Apika, ez dute behar bezala balioztatu EH Baik, Estatuko indar nagusien arteko lehia hagitz polarizatuaren erdian, bere lekua atxiki eta are zabaldu egin duela, etorkizuneko indarra dela erakutsirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo