GARA > Idatzia > Kultura

Erakusketa, Gaujazza eta ikuskizun piromusikala, Victoria Eugeniaren 100 urteak ospatzeko

Gipuzkoako sare sozial aktiboenetako batek, Victoria Eugenia antzokiak, mendea beteko du heldu den uztailaren 20an, eta ohi duen moduan ospatuko du, askotariko jende eta taldeak elkartuz.

p039_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Mendeurrena betetzen duela-eta, Victoria Eugeniak urte osoan jaso ditu keinu edo opari txikiak. Baina orain, urtebetetze eguna, uztailaren 20a, hurbil dela, zerbait potoloagoa iragarri du Donostia Kulturak: antzokiaren historia eta istorioak ezagutzeko erakusketa bat; jazzaldian eraikin ederreko zirrikitu guztiak musikaz beteko dituen gau magikoa; eta Aste Nagusian, ikuskizun piromusikala eta Itzurun konpartsak eta erraldoi eta buruhandiek eskainiko dioten koreografia.

Erakusketari buruz, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara ordezkariak azaldu zuen «#VictoriaEugenia, sare soziala» izena duela eta Kutxaren Boulevard aretoan bisitatzen ahalko dela uztailaren 13tik 31ra. Twitterren, dagoeneko ireki dute elkarrizketarako bidea.

Erakusketaren ibilbidean, historia «ofizialaz» gain, eraikinarekin lotuta gertatu diren hamaika istorioren berri ere jasoko dute herritarrek. Ibilbidea lau eremutan banatu dute, antzokiaren espazio bakoitzerako bana: frisoa, foyer-a, backstage-a eta besaulki patioa.

Erakusketako lehendabiziko eremuak antzokiko frisoa irudikatzen du. Han, bisitariak 1912 eta 1985 urte arteko Victoria Eugenia ezagutuko du. Garai hartan, Udalak hartu zuen antzokiaren ardura eta aurreneko zaharberritzea egin zuen. Foyer-a, ekintza eta publiko berrienganako irekieraren erakusgarri da. Zabaltze hori 1986tik aitzinera gertatu zen, kultura patronatuak osatu zituztenean.

Objektuak uzteko eskaera

Hirugarren eremua, backstage, parte hartzeko izanen da. Bertan, bisitariek berek emanen dute Victoria Eugeniaren berri iruzkin, pasadizo eta oroitzapenak idatziz. Bestalde, antzokiarekin lotutako argazki eta dokumentuak San Telmo museoan utzi ahal izanen dituzte. Materiala interesgarria den ikusiko dute, eta hala bada, katalogatu eta zaindu eginen dute.

Hala, erakusketa honetan ez, baina etorkizunean erakutsi ahal izanen dituzte, eta, Txapartegik adierazi bezala, ez da altxorrik galduko.

Azkenik, besaulki patioan, eroso-eroso eserita oroitzapenak aditu eta ikusteko aukera emanen dute, horietako batzuk protagonistek zuzenean kontatuak. Ehundik gora lagunen elkarrizketak proiektatuko dituzte, Elias Querejeta, Javier Agirresarobe, Lucia Lacarra, Carolyn Carlson, Olatz Beobide, Jose Carreras eta bertze pertsona ugarirenak.

Miguel Martin Donostia Kulturako musika egitarauaren zuzendariak uztailaren 20ko Gaujazzaren berri eman zuen, eta iragarri zuen, 23.30ean topa egin ondotik, musikaz beteko direla antzokiaren txoko guztiak. 47. Heineken Jazzaldiak ere oparia egin nahi izan dio Victoria Eugeniari, eta egitarau oparoa prestatu du. Bertzeak bertze, Ray Gelato & His Giants Orchestra, S. Mos DJa, Terje Rypdal, Just Friends Quintet eta Josetxo Goia-Aribe etorriko dira.

Aste Nagusian, bengalez argituko dute antzokia, Santoriniren musikaz lagunduta, eta ikuskizun piromusikal batez gozatzeko aukera izanen da gero. 22 minututan, Victoria Eugeniaren historia errepasatuko dute, hamazazpi gertakaritan laburtuta: antzeztutako lehen lana, «En Flandes se ha puesto el sol», Eduardo Marquinarena, eta Mikel Laboaren «Txoria txori», bertzeren artean.

Fitxa

Erakusketa: Kutxaren Boulevard aretoan, uztailaren 13tik 31ra.

Gaujazza: Uztailaren 20an, gauerdian hasita, Victoria Eugenia antzokian.

Ikuskizun piromusikala: Abuztuaren 18an, Victoria Eugenian.

Erraldoien koreografia: Abuztuaren 15ean, 19.45ean, antzokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo