GARA > Idatzia > Kultura

.eus domeinua lortzeko eskaera onartu du ICANNek, eta horren egokitasuna aztertuko du orain

ICANN erakundeak atzo jakinarazi zuen Interneteko domeinu bihurtzeko aurrera egingo dutenen zerrenda eta .eus horietako bat da. Uste baino eskaera gehiago izan dira, ordea, eta honek prozesua luza dezake.

A. ARRUTI | BILBO

PuntuEus elkarteak Interneteko .eus domeinua eskuratzeko egindako eskaera onartu egin du ICANN erakundeak atzo jakinarazi zutenez eta, beraz, eskaera ebaluatu egingo dute. Euskara eta euskal kultura Interneten zabaldu nahi dituen domeinua onartutako 1.930 eskaeren artean dago, hau da, hasiera batean espero zirenen hirukoitza baino gehiago. Izan ere, urtearen hasieran eskaerak egiteko epea zabaldu zenean, 500-600 inguru espero zituzten ICANNeko arduradunek. Baina domeinua ebaluatu ahal izateko hasierako gutxieneko baldintza horiek betetzen dituztenak 1.930 izan dira azkenean.

PuntuEus elkarteko Iratxe Esnaolak GARAri azaldu zionez, honek eragin duena ebaluazio pauso hori banatu eta luzatu beharra izan da. «Hilabete honetan erabakiko dute zenbat fase egongo diren eta zein domeinu ebaluatuko dituzten fase bakoitzean. Horren arabera, gerta liteke, adibidez, gure domeinua ebaluatzea azken fasean, 2012aren bukaeran, esaterako, eta erantzuna atzeratzea. Uztailaren 11n jakingo dugu zein fasetan ebaluatuko duten .eus».

.eus eskatu duten bakarrak

Historian lehenengo aldiz zabaldu da edozein domeinu eskatzeko aukera. «Enpresa mordo batek, nahiz eta gero agian ez duen erabiliko, eskatu egin du. Adibidez, .nike, .airtel... eskatu dira. Marka moduan eskatu dute inork ez dezan domeinu hori erabili. .blog-erako eskari pila bat daude... Ikusi beharko da nori ematen dioten», azaldu zuen Esnaolak.

Hala ere, .eus domeinua eskatu duten bakarrak izan direla jakin zuten atzo. «Bagenuen beldur minimo bat beste norbaitek eskatuko ote zuen .eus, ez euskara eta euskal kulturarentzat, baizik eta auskalo, Alemaniako enpresa bat izan zitekeen. Eta hor ebaluazio fasea ezberdina izango litzateke eta argudiatu egin beharko genuke zergatik guri eman eta ez besteei, eta agian dirua sartuko litzateke tartean... Guk bakarrik eskatu dugu eta hori albiste ona da».

UZTAILAREN 11

Uste baino eskaera gehiago jaso direnez, bakoitzaren ebaluazioa fase ezberdinetan jorratuko dute. Uztailaren 11n jakinaraziko da noiz aztertuko den domeinu bakoitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo