Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea
Kaxilda
Musikaren mundua esparru askotatik elikatu ohi da. Normalki musika bera da musikarien bazka. Liburuak eta janaria izan daitezke, besteak beste, musikaren bidexkak. Bilbon, itxi berriak diren pentsamendu kritikoaren guneak Felix Likiniano kultur elkarteak (Liki) eta gero Gatazka Guneak (haren oinordekoa) 1992tik 2012ra badute Donostian antzeko espazio bat: Kaxilda. Liki 1936ko gerrako euskal anarkista ezaguna izan zen eta haren alboan beti Kaxilda Hernaez, emaztea (pentsamendu libertario eta antinperialista zerien biei abertzaletasunetik). Beste Liki gizarte mugimenduen elkargune eta hausnarketarako espazio askea izan da Bilbon eta Euskal Herrian. Orain, Kaxildak bere senarraren lekukoa hartu du Donostian (Arroka kalea 6, www.kaxilda.net). Kaxilda guneak sorkuntza teoriko eta praktiko askeak ditu gustuko. Liburu-denda atipikoa, non pentsamendu kritikoaren ekoizpenek beteko dituzten apal guztiak. Eta baita musika pixka bat ere. Ekintza politikoa, askatasun artistikoa, esperimentazioa eta ikerketa bultzatzeko jaio da Kaxilda. Horrelako ekimenak urrun daude liburu eta diskoen salmenta hutsetik. Balioak ez daude etekin ekonomikoan oinarrituta. Pentsamenduaren autokudeaketa dute iturburu preziatuena. Espazio publikoa, mugimendu asanbladazalearen topaleku izateko. Espazio publikoa, negozioetatik aldenduta dauden praktika artistikoetarako, jarduera politiko kritikoari babesa emateko. Irekiera egunean Mursegok jo zuen HombrePanterarekin batera. Kaxilda gunearen gainean, musika eta liburuen goiko partean, Kaskazuri jatetxea dago, barazkijaleentzat toki aparta. Kaxildak hartu du Likiren indarra. Kemena opa diet aurrera daramatenei gune askea.