Rio+20 gailurrerako akordioa lortzeko azken negoziazio txanda hasi da
Garapen iraunkorra lortzea helburu, Rio+20 gailurra hastear dago. Hilaren 20tik 22ra, 134 estatuburu zein gobernuburu bilduko dira Brasilen. Atzo, sinatuko duten akordioaren edukia zehazteko negoziazioak hasi zituzten 180 herrialdeetako ordezkariek.
GARA |
Nazio Batuen Erakundearen gidaritzapean, Rio+ 20 goi bilera egingo dute hurrengo astean Rio de Janeiron. Garapen iraunkorra lortzeko konpromisoak adostea du helburu bilkurak. Atzo, hiru eguneko gailur horren amaieran sinatu beharko duten akordioa zehazteko azken negoziazio txanda hasi zuten. Orain arte hiru saiakera egin dituzte New Yorken. Oinarrizko bost atal dituen 82 orrialdetako zirriborroa osatu zuten.
Garapen ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta baztertuak gizartean barneratzea; hiru gaiok uztartu nahi dituzte negoziatzaileek, akordioa goi bileran parte hartuko duten 134 estatuburu edo gobernuburuek sinatu ahal izateko.
Funtsean, bi eredu kontrajarri daude eztabaidan. Batetik, Europar Batasunarena eta, bestetik, G77+Txina taldeak aldarrikatzen duena. Azken hori, berdintasunean, subiranotasunean eta estatuen arteko elkarkidetzan oinarritutako ekonomia eredu berri bat ezartzearen aldekoa da. Horretarako, ekoizpen eta kontsumo ohiturak aldatzea proposatzen du. Baliabide naturalak mugatuak direla ohartarazteaz gain, garatutako herrialdeen jarrera salatzen du. Europar Batasunak merkatua baliabide naturalen gaindi jartzen du.
Bi ikuspuntu horiekin maiatzean egin zuten hirugarren negoziazio txandak porrot egin zuen. Hala ere, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon baikor agertu da. Bere hitzetan, New Yorken egindako bilkura horietan «aurrerapauso pozgarriak» egon ziren. Ildo horretan, estatu parte-hartzaileek «asmo handiko proiektuak» adosteko borondatea dutela esan zuen.
Azken negoziazio txandan esku hartuko duten 180 herrialdeetako ordezkariek akordiorik lortuko ez balute, gailurra hasi aurretik lau egun geratzen direla nabarmendu zuen Rio+20ko idazkari Sha Zukangek. Gailurra hasita ere, negoziatzen jarraitzeko aukera egongo dela gehitu zuen. Izena eman duten 134 estatuburu edo gobernuburuak joango balira, NBEk antolatutako gailurretako inoizko parte hartze handiena izango litzatekeela esan zuen Zukangek.
Rio+20 egin bitartean, gizarte mugimendu, sindikatu eta bestelako eragileek Herrien Gailurra antolatu dute pobreziarekin eta ingurumenarekin loturiko gatazkak salatzeko. Horretarako, bihartik aurrera hainbat ekimen egingo dituzte; hala nola manifestazioak, tailerrak eta kultur ekitaldiak.
Munduko hiri handienen C40 eztabaidalekuan esku hartzen duten alkateak bilduko dira 19an. Bestalde, lehen mundu-bilera egingo dute 130 herrialdetako 300 parlamentariok.