Zipiriñe Eskolako irakasle taldea, murrizketen kontra
GARA |
Zipiriñe ikastetxeko irakasleek azken urte hauetan zerbitzu publikoetan martxan jarritako politikak salatu nahi izan dituzte azken hilabeteko ostegun guztietan. Eskoletan inbertsioa gutxitu izana eta ezarritako murrizketa larriak salatzen aritu dira batez ere.
Horiek horrela, hezkuntzan murrizketa horiek izango dituzten ondorioen berri eman zuten. Ordezkapenei dagokienez, irakasle bat gaixotzean laugarren egunera arte ordezko irakaslerik ez izatea salatu zuten. Bestalde, erretiratzeko adina atzeratzeak klaustroak zahartu eta horrek hezkuntzaren berriztapena eta garatzea oztopatzen duela ohartarazi zuten.
30 urteko atzerapena
Bestetik, egun, Haur Hezkuntzan ratioa 23 ikaslekoa eta Lehen Hezkuntzan 25ekoa dela jakinarazi zuten eta ratio horiek %20 igo daitezkeela aldarrikatu zuten.
Azkenik, hainbat zerbitzu garrantzitsu, liburutegiena esaterako, gutxitu egin direla jakinarazi zuten. «Gauza horiek guztiek duela 30 urteko lan baldintza kaskarretara bueltatzea dakarte», salatu zuten.