GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez | sagarroiak@gmail.com

Deslegalizatzen

Sorturen epaiak Bildu edota Amaiurren ilegalizazio mehatxuetarako aukerak zabaldu omen ditu. Sorturen legeztapena bigarren bueltaz etorri da, beraz

Badakit «deslegalizazio» terminoak arraroa ematen duela. Horrelaxe gelditu nintzen ni ere Idoia Mendiari Euskadi Irratian Bilduren deslegalizazioaz hitz egiten entzun nionean. Baina existitu, existitzen da, gazteleraz, behintzat, eta kalkoz euskaraz ere bai, antza.

Mendiari «ilegalizatu» berba, agian, lar gogorra iruditu zitzaion, batez ere kanpaina erdi-erdian daudela kontuan hartuta. Ezker abertzalearen ilegalizazioaz berba egiteak ez du askorik saltzen gure herri honetan, ezta ezker abertzalekoak ez diren balizko boto-emaileen artean ere. Seguru asko, gure Idoiak ez zuen sakoneko arrazoirik izan horrelako berba bat erabiltzeko. Izan ere, oso sakoneko arrazoi filosofikoak bilatzea alferrikako kontua izaten da zenbait kasutan. Hala ere, «deslegalizatu» terminoa bakarrik erabil daiteke ekintzetarako, baina ez izaerarako. Hau da, zerbait «deslegalizatu» ahal omen da, baina ez dago ezer «deslegala» denik. Gauzak legalak, ilegalak edota alegalak izan daitezke, baina ez «deslegalak». Norbaitek desegin behar du jadanik egindakoa. Borondate hutsa, beraz.

Auzitegi Konstituzionalaren epaiak sekulako asaldura sortu zuen eskuma garratzenaren baitan. Lehengo gauean, irratian, nire kate gustukoenetan buelta bat ematen nuen bitartean, entzuleen parte hartze zuzeneko saio ikaragarri bat utzi nuen dialean. Valentin izeneko batek epaitegiko inkisidore berri hauei inkisizio zaharraren metodoak aplikatu nahi zizkien, bakoitzari harri bat oinetatik lotu eta errekara bota; gero, epaileren bat sano irtenez gero, akaso horiekin Gorenaren sala bat osatu litekeela. Antonio izeneko beste batek demokrazia atzerapen hutsa dela defendatzen zuen sutsuki, eta Espainian behar dena beste caudillo bat dela... joko demokratikoaren barruan bete-betean sartzen diren iritziak guzti-guztiak.

Baina lehen momentuko asaldura pasaturik eta oinarriak zelanbait eutsi eta trankildu beharrean, berandu baino lehen Sorturen epaiak Bildu edota Amaiurren ilegalizazio mehatxuetarako aukerak zabaldu omen ditu. Sorturen legeztapena bigarren bueltaz etorri da, beraz. Estatua, polizia bezala, ez da tontoa eta aukera guztiak ondo aprobetxatzeko prest dago. Konstituzionalaren epaiak, nahiz eta legeztapena bideratu, ez du hau modu argi batez egin, ez du «bai eskubidea daukazue politikoki aritzeko eta alderdia sortzeko» borobilik ekarri. Konstituzionalaren epaiak, irratiko entzule horien buru txiki eta eskasetan sartu ez arren, Damoklesen ezpata ere ekarri du berarekin batera.

Alderdi baten legalizaziorako tresna bera koalizio oso baten ilegalizaziorako erabili nahi izatea berez, eta azalpen luzeagorik gabe, Estatu espainoleko sistema judiziala heldu den erabilpen eta funts zein zentzugabekeria osoaren gailurrerantz hurbiltzen jarraitzen dutela adierazten du.

Kafkaren «Gaztelua» nobelako protagonista etortzen zait burura behin baino gehiagotan. K. izeneko lur neurtzailea ahaleginetan ikusten dut sistemak egiten dizkion exijentziak betetzeko, nahiz eta sekula nahikoa ez den. Kafkaren pertsonaiak, hala ere, ez dira inoiz oso gatazkatsu edo oso borrokalariak izan... hortxe, hain zuzen ere, guretzako gakoa, ez badugu kontakizun kafkiano batean amaitu nahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo