GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erietxe berria egin bitartean, Baionakoaren eta Sokorriren arteko elkarlana abiatu da

Ekainaz geroztik, Baiona-Euskal Kostaldeko erietxea hainbat osasun espezialitate Donapaleuko Sokorri klinikan eskaintzen ari da. Arazo ekonomikoak medio, Sokorri publiko bihurtzea onartu zuen Osasun Ministerioak bere garaian eta geroztik proiektua zehazten ari dira.

GARA | DONA PALEU

Datorren urte hasieran Amikuzeko erietxe publiko berria ireki bitartean, Baionako ospitalea dagoeneko hainbat medikuntza espezialitate eskaintzen ari da Sokorri klinikan. Horrenbestez, momentuz bere izaera pribatua mantentzen duen osasun zentro horretan eskaintzen dituzten zerbitzuen osagarri, Baionako erietxe publikoko urologia eta digestio aparatuko kontsultak eta ebakuntzak Sokorrin egiten dira ekainaz geroztik.

Aldi berean, etorkizuneko Donapaleuko ospitalearen proiektua eta funtzionamendua zehazten ari dira uneotan osasun arduradunak. Hain zuzen ere, Lurraldeko Ospitale Komunitate (CHT) batean integratutako zentro autonomo bat izango da. Izaera publikoa izanen du eta Baiona-Euskal Kostaldeko erietxearekin bateratutako zuzendaritza ukanen du.

Denbora osoz arituko diren sendagileek, bertako langile espezializatuek eta, kasu batzuetan, profesional liberalek bermatuko dute medikuntza, kirurgia eta obstetriziako esparruetako arreta. Baionako ospitaleko hainbat sendagilek ere, batez ere zirujauak, aldizka arituko dira Amotzen egingo duten zentro berrian lanean.

Eskualdeko arreta

Urteetan Sokorri klinika arduratu da Amikuze eskualdeko eta bertatik 50 kilometro inguruko eremuan bizi diren biztanleen osasun arretaz, baina, arazo ekonomikoak tarteko, bere ateak ixteko zorian zegoen.

Osasun zentro bakarra izaki, hautetsi eta eragileek Sokorri klinika publiko bihurtzea eskatu zioten Estatu frantsesari. Joan den abenduan ARS Akitaniako Erregioko Osasun Agentziak ontzat eman zuen eskaera eta osasun zentro berri bat eraikitzea ere deliberatu zuen egungo zerbitzuak eta beste berri batzuk eskaintzeko helburuarekin.

OSPITALE BERRIA

Amorotzeko herrian egingo da Donapaleuko ospitale publiko berria. Amikuzeko Herri Elkargoak 7 hektareako lursaila jarri du. Eraikuntza 23 milioi euro inguru kostako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo