GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga Filosofian lizenziatua

Ateismoaren kritika

Ilustrazioak, autoreak dioenez, ez zuen arrazoiaren eta fedearen arteko bereizketa sakonik egin, baizik eta fede kristaua sekularizatu; hau da, fede kristaua bazter utzi baina beste bat goratu: arrazoiarena, zientziarena. Eta Olariagak bide horri berorri lotuta sumatzen du gaur egungo ateismoa. Hona haren kritika.

XVIII. mendean, Ilustrazio frantsesak erlijio katolikoarekin apurtu baina hiru fede berri jarri zituen: arrazoia (zientzian), gizakiaren identitate unibertsal aldaezina (Vico eta Herderrek ondoren arbuiatua) eta beste sinesmen berri bat, arrazoiaren bidez gidatua betiereko bake bat lortuko zelako fedea. Ilustrazioak, hortaz, fede kristaua sekularizatu baino ez zuen egin, objektuz aldatu. Kontuan hartu behar da historiako garai kritikoena omen den honek Jainkoaren beharraren gose gehien eraitsi duena ere izan dela. Voltaire erlijio katolikoaren kritiko sarkastiko handiena izan zela esaten da. Teorian, egia izan daiteke. Eguneroko bizitzan, ordea, bera bizi zen Ferney herri txikian lan egiten zuten jopuei baldintza bakarra ezartzen zien: ahalik eta debotoenak izatea. Zergatik? Voltairek berak bere hiztegi filosofikoan esaten duenez, «guztiz beharrezkoa da printze eta herrientzako, gorengo izaki baten ideia, kreatzailea, gobernatzailea, barkatzailea eta mendekatzailea dena, haien buruetan sakon idatzita izatea». Ateoen gizarte bat, bere ustez, ezinezkoa da. Finean, Bibliako errebelazioaren ordez, arrazoi absolutua errepresentatzen du Voltairek: moral bakarra leku guztietarako, ohitura unibertsalak herri guztientzako. Voltairen bidez ikus dezakegu fedea erlijiotik arrazoimen eta zientziara nola higitu zen. Ez da egia, hortaz, Ilustrazioak arrazoiaren eta fedearen artean bereizketa sakona burutu zuela, aitzitik: fede bat alboratu (erlijio kristauarena) baina beste bat goratu zuen, arrazoiarena, zientziarena. Bigarren ilustrazio alemaniarra, nolabait, fede despota horren kritika bat izan zen. Arrazoiaren absolutizazioarekin, arrazionaltasuna diziplina bati aitortu zitzaion bakarrik.

Oraingo ateismoak bide beretik jarraitzen du. Ez da ahaztu behar aurreko belaunaldiak Espainiaren destino unibertsalean enkarnatua zegoen hezur-haragizko jainko faxista bat erraustu beharra izan zuela. Baina gaur egungo belaunaldiak, ordea, elizari eta haren botere politikoari egiten dizkion ezinbesteko kritikak aparte, Voltairek duela bi mende egin zituen kritikak zozoki errepikatu baino ez ditu egiten (Fernando Savater horren adibide). Izan ere, itxuraz berria agertzen zaigun ateismo hau, edukian oso zahar eta despotikoa da. Michel Onfray edo Richard Dawkins buru, erlijioa eta mitoa txorakeria, ipuin, neurosi kolektibo, sinesmen irrazionalen multzo eta gezur irrazionalak baino ez direla errepikatzen ari zaizkigu behin eta berriz. Hori hala bada, mitoak, maitasuna, nazioak... ere gezur multzoak ote dira? Kontua, hortaz, afera honen benetako dilema «arrazoia ala mitoa?» galdera ote den gezurtatzea da.

XIX-XX. mendeetako positibismoak zein materialismoak (marxismoa barne) erlijioa eta ikuskera mitikoak gezur hutsa zirela salatu zuten irmoki (aurretik ilustrazioak zabaldutako bideari jarraituz). Marxismoak ikuskera horren bertsio politiko nagusia kritikatu zuen, katolizismoa, gizakien alienazioa ahalbidetzen duen ideologia gisa (ez diot arrazoia kenduko, noski). Salto handi bat eginez, XX-XXI. mendeetan erlijioa eta mitoak ilusio hutsen kutxan sartu eta hantxe geratu ziren herdoilduta. Ikuskera positibistak ilusioa gezurrarekin nahastu zuen. Baina Sigmund Freudek berak, «Ilusio baten etorkizuna» liburuan bertan gogorarazten zigunez, ilusio bat ez da ezinbestean akats bat edo gezur bat. Ilusioen osagai funtsezko bat da, hain zuzen, giza desioetatik sortzen direla. Ilusioak (mitoak, eta abar) frogagaitzak dira, horregatik ere ezeztaezinak, baina ez horregatik neurosi kolektibo baten emaitza.

Denboran aurrerago eginez, XX. mendean Nietzschek jada Jainkoaren heriotza proklamatu zigun: mamian, absolutuen heriotza. Gertaera horrek gizakia sufrimenduaren eta heriotzaren aurrean ikusle eta babesle gabe uzten zuen, bizitzaren absurdoan bakar-bakarrik, unibertso infinitu zabalean. Tragedia batez inguraturik eta horren kontziente gainera: gizakiaren baitan dauden bi inpultsoreen gatazka zegoen atzean Nietzscheren ustez. Alde batetik, instintu apolinearra, ikuspegi kontenplatzailea, matematikoa, arrazionala dena, zientifikoa, legoke gizakiaren baitan; eta bestetik, instintu dionisiarra, inpultso musikala, artistikoa, naturarekin bat egiten duena, irrazionala, poetikoa eta erlijiosoa dena. Bi instintuak gogorki kontrajarriak leudeke, bata bestearen kontra borrokan etengabe. Tragedia, hain zuzen, munduaren irrazionaltasuna edo absurdoa erakusteko, hura ukatzen duena erabili behar denean azaleratuko litzateke: absurdoa edo irrazionaltasuna azaltzeko, hura ukatzen duena, logosa edo arrazoia, alegia. Filosofiaren esparrutik Inmanuel Kantek ederki azaldu zuen tragedia hau, arrazoiak intelektuak erantzun ezin dituen galderak egitera garamatzala esanez. Fernando Pessoak poetikoki, tragedia horren kontzientziaren angustia gordinki azaleratu zuen «Livro do dessassosego» liburuko pasarte batean: «O pasmo que me causa a mina capacidade para a angustia. Não sendo, de natureza, um metaphysico, tenho passado dias da angustia aguda, physyca mesmo, com a indecisão dos problemas metaphysicos e religiosos... Vi depressa que o que eu tinha por a soluçao do problema religioso era resolver um problema emotivo em termos da razão». Arrazoia eta instintua, zientzia eta mitoa... borrokan gure baitan etengabe.

Joxe Azurmendiren «Azken egunak Gandiagarekin» liburu zoragarrian irakurtzen dugunez, mitoaren eta arrazoiaren arteko afera horri konponbide bat ematen saiatu zen Claude Levi-Strauss antropologoa XX. mendeko erdialderantz. Soluzioa, bere ustez, ez datza haiek irizpide berdinen azpian parekatzean: are gutxiago bataren irizpideekin bestea epaitzea. Ez du zentzu handirik, hortaz, mito bat (Anbotoko Mari) edo Jainkoaren ideia bera irizpide zientifikoak jarraitzen ez dituelako (frogagarria ez delako, eta abar) faltsua dela esatea. Horrekin ez da konpontzen gizakiaren tragedia. Kontuan hartu behar dena da arrazionaltasuna ez dela zientziaren esklusiboa: poesia eta mitoak arrazionaltasun propio bat dute, eta giza desioei erantzuten diete. Hortaz, zientziaren eta mitoaren arteko konfliktoa ez da arrazionaltasunaren eta irrazionaltasunaren artekoa, baizik eta arrazionaltasun modu desberdinena: alde batetik, arrazionaltasun zientifikoa (frogak, dedukzioak... behar dituena, eta gertakarien kausalitatea azaldu behar duena), eta bestetik, arrazionaltasun mitikoa edo poetikoa, bizitzari eta gertakariei buruz zentzua ematen laguntzen diguten ipuinak kontatzen dituena (ez du zertan erlijioaren ipuina izan!).

Gizakiak, bizitzaren zentzua bete egin behar du zerbaitekin. Wittgensteinek zioen bezala, zentzu hori munduaren kanpotik eman behar dio, zentzua ezin baita munduaren barnean egon, baizik eta handik kanpo. Baina noski, handik kanpo dagoena, han jartzen duguna eta sinesten duguna besterik ez dago: hortaz, sinesten duenarentzat bakarrik balio du. Zientziak, adibidez, munduaren zentzua gertakari edo fenomenoen esplikazio kausalera begira osatzen du: mitoak, aldiz, istorio bat kontatuz. Eta zentzuak dira, hain zuzen, gertakari edo gauza guztiei balioa ematea ahalbidetzen dutenak. Gertakariek edo gauzek berez baliorik ez dutenez, aurretiaz guk eman diegun zentzuek balioztatzen dituzte. Edozein zentzu, baita zentzuaren ukazioa ere. Izan ere, Nietzschek zioenez, «gizakiak nahiago du ezereza maitatzea ez maitatzea baino». Hortaz, galdera zera da: zer zientzia arrazionalek emango die, mende berri honetan, gure zentzuei «esplikazioa»?

Badakit bai, mamu zaharrak ez direla berpiztuko: ziur aski ongi daude dauden lekuan. Baina onartu beharko da gure kultura hankamotz geratzen dela horrela. Izan ere, tragedia bera bizitzen jarraitu beharko dugu, baina hura azaleratzeko hanka bat moztu dugunez, jada tragedia ezkutuan sufritu baino ezingo dugu egin, ezaba daitekeen ilusiopean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo