GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

«Orain ez zaio inori makur egiten, plazer handia da Kabalkada baten ikustea»

p055_f01.jpg

Henri Haran

1937ko Kabalkadako kidea

Irisarrin azken Kabalkada egin zelarik 1937an Henri Haranek 14 urte zituen, gazteegia izanik ez zuen eskubiderik bertan parte hartzeko, baina balkoi batetik ikusi zuen dena. 75 urte beranduago, herriak berriz tradizioa berreskuratzea erabaki duenean Haranek 89 urte eginak ditu, eta bere esperientzia baliatuta dantzak irakatsi dizkie gazteei eta ikusgarrian parte hartuko du.

Idoia ERASO | IRISARRI

75 urteren ondoren Nafarroa Behereko herriak berriz ere Kabalkada eta Tobera eginen ditu gaur. Garaian Zuberoako Maskarada legez urtero egiten zen ohitura zahar honek herritar guztiak mobilizatu ditu. Kabalkadak dantzak izanen ditu nagusi eta Toberan herrian zeresana ematen duten gaiak antzeztuko dira.

1937an Tobera egin zenetik zenbait aldaketa izan direla azaldu dio GARAri Haranek. Orain herrian mintzagai diren gai orokorrak lantzen badira ere, XX. mendearen hasieran bortizkeriak, adar jartzeak edo arazo pertsonalak jakinarazten ziren antzerki honen bitartez.

Zeintzuk dira ezberdintasunak gaur egingo duzuen Kabalkada Tobera eta zuk gaztetan ikusi zenuenaren artean?

Lehen gizonak ziren bakarrik, orain emazteak badira. Biziki dantza gehiago izanen da.

Tobereta eta kabalkadetan beste aldaketak ere eman dira, lehen egiten ziren salaketak orain orokorragoak dira?

«Xuriketak» baziren orduko kabalkadetan. «Xuriketa» bat izan zen gizon batek bortizkeria eginik bere emazteari. Hala ere ongi pasatu zen herrian.

Eta egun hartan euria hasi zenean delako gizon hura bere etxetik hasi zen tronpeta jotzen bere plazerra erakusteko. Berriz ere elkarretaratu ziren pixkat emaztearekin, bortizkeria ematen baitzion partitzen zen eta berriz jiten.

Ez zen orain bezalako ikusgarririk. Biziki inportanta izanen da gaurkoa bezalako emankizun baten ikustea, plazer handia. Ez zaio orain inori makur egiten, plazerra da. Biziki parte hartzea, eta partukurarski ikustea oraino gure gazte denborako dantzak zein ederki ematen dituzten gure gazteek.

Lehen ez zen plazerra soilik, bazen beste zerbait ere gelditzen zena.

Bai horrela da, gelditzen zen pixinea. Hala ere nire desira liteke orain bezala segitzea ondoko urtetan, bakean eta batasunean.

Jendea heldu zaizu galdetzera nola izan zen 1937an?

Hastapenean heldu ziren, eta gainera kontent ginen. Kanaldude telebista ere heldu zen galdetzera, eta pasatu egin da.

Gizonak ziren emaztez bestituak eta, ez zen emazterik batere. Eta berdin-berdina lerro handi bat izan zen orduan ere. Kabalkada eta Tobera ederra izan zen. 14 urte nituen nik.

1937an 3.000 pertsona bildu ziren Kabalkada ikustera.

Biziki anitz, anitz izan zen. Estradak eta dena, herriko langileko ofizialeek beraiek eginak. Zurak segatu oihanetatik handikitan, dena zurez, dena herrian egina. Jendea denetarik heldu zen. Orduan ez zen autorik, denak oinez eta zaldiz heldu ziren, karrozetan zenbait.

Gaurko Kabalkadan parte hartuko duzu.

Bai, joanen naiz eta dantza pixka bat eginen dut, mutxikoak. Dantza nagusiak egiten ziren orduan.

Lehengo dantzak erakutsi dizkiezu gazteei?

Bai, gure urratsetan ikasi dute denek, gure orduko urratsak. Nik ikasi diedana dantzatuko dute Kabalkadan.

Zer izan da Kabalkada berri honetako ederrena?

Herri guztiaren parte hartzea, denak elgarrekin, eta ikustea gazteek gure denborako dantzak zein ederki ematen dituzten. Niretzat plazerra izanen zen horrela segitzea hurrengo urtetan, bakean eta batasunean. Plazer handia da, herri guztiarekin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo