GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Zuhurtzia, besterik ez bada ere

Darabilten gerra estrategia baldar horren bitartez, gero eta jende gehiago kontrako parametroetara hurbiltzea baino ez dira lortzen ari

No podemos elegir. No tenemos esa libertad», bota zuen Rajoyk atzoko Diputatuen Kontseiluan. Bankarentzako diruaren trukean Europak hartzera behartzen omen dituen eta bai ala bai hartuko dituzten neurriez ari zen, jakina. Behartasun horiek ondo datozenean, ondo. Horrela, Estrasburgoko epaiak txalotuak izaten dira, baldin eta, esaterako, Batasuna ilegalizatzeko balio badute. Estrasburgoko epaiak laidoztatuak dira, baldin eta Gobernuaren estrategiaren kontrakoak badira. Bere burua demokratikotzat duen Estatu bananero honen isla. Inork ez zuen gutxiagorik espero. «Zer eginen zenuke zuk, baldin eta bat-batean hilezina zarela abisatuko balizute?» galdetzen zigun Sarrionandiak «Misterio fiskala» poemaren amaieran. Kondena eskaeraren urteak zenbatu eta irteera data edozein pertsonaren bizi-urteetatik haragokoa dela karguturik, airean uzten zuen galdera hura.

Errekurtsoak errekurtso, PPren Gobernuak jakin badaki nabarmen gelditzeko baino ez diola balioko. Nazioartean nabarmen gelditzeko, baina, era berean, sortu dituzten «biktimen» presio taldeak eta horien inguruko indar mediatikoak lasaitzeko. Edozelan, ad hoc sortutako 197/2006 doktrina deuseztaturik gelditu da. Hala ere, urteen misterio fiskal horri «soluziobidea» ematearren, zenbaketa eteteko asmoaren berri eman du Gallardonek: hemendik aurrera zenbakietan oinarritzen den kartzela zigorrik ez, hemendik aurrera bizi osorako kartzela zigorra, de facto baino, onarpen juridiko osoz.

PPren Gobernua burutzen ari den gerra estrategia ez dela egokiena ohartarazten hasiak dira alde berdineko zenbait ahots. Besterik ez bada, zuhurtziaz jokatzeko unea dela, zenbat eta erasokorrago, orduan eta jasotzaile gutxiago izango dituela euren mezuak, multzo txiki eta ultra pozik edukitzeko pausu horiek multzo txiki ultra horrentzat baino ez dela baliagarria. Eta horrelaxe da. Euskal Herriaren kontrako jokabide hori agian Madrilen izan daiteke ulergarria, baina ez Euskal Herrian. Momentu erabakigarria bizitzen ari garela mundu guztiaren gogoan dago. Sentimendu konpartitua da.

Eta, guztietatik, euskal preso politikoen afera benetan izan da betidanik gai sensiblea gure herrian. Berdin zein den tendentzia politikoa edo ematen den botoa, hainbeste preso dituen herri hain txiki honetan, edonork dauka urrun auzokideren bat, lagun edo ezagunen baten seme edo alaba, eskola edo lantokia konpartitu zuen lagunen bat... ez gara aparteko mundu bitan bizi eta gertaera horixe da ondoen adierazten duena.

Arazoa ez daukate ETArekin edo ezker abertzalearekin, ondo dakigunez, arazoa askea izan nahi duen Euskal Herriarekin daukate. Ez daude ezer oparitzeko prest edo ezertan amore emateko prest edo askatasun horri zirrikitu nimiñorik ere zabaltzeko prest. Normala, bestalde, bakoitzak berea defendatzen duen heinean. Baina besterik ez bada ere, Madriletik aldarrikatzen zaien zuhurtziaz jokatu beharko lukete. Esan bezala, darabilten gerra estrategia baldar horren bitartez, gero eta jende gehiago kontrako parametroetara hurbiltzea baino ez dira lortzen ari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo