GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

«Hau da hau, gure Bilbau»

Hiri bat kanpotik «lifting» ona duena baina barrutik hutsik dagoena zer motatako hiria da? Karamelu baten azaleko papera dirudi Bilbo horrek. Kanpotik oso ederra, airos eta pinpirin, baina ahora sartu eta bera dastatzean, barrutik hain zapore gozorik ez

Bilboko agintariak kritikarekiko sentiberak dira; hori esateko, egungo errealitatea ikustea besterik ez dago. Komunikabideen aurrean agertzean ausart eta harro dira, hitz egiterakoan kurrinka ari balira bezala. Putzak harturik daude. Horien portaera okerreko bidetik doala dakusat, eta aspalditik kontu horrek erabat harritzen nauela aitortu behar dut. Adibideak hur-hurrean ditugu.

Egunak joan egunak etorri, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitza ondo txukuna eta egokia dela errepikatzen da, baina hurbil zaitez hara eta zerorrek egiaztatuko duzu une oro zer nolako zarata, zalaparta eta desoreka jaso behar izaten dituen. Noski, dagoeneko, usatuta egongo dira, baina hori, berez, ez al da gure hizkuntzaren akademiari burutik behera kaka egitea edo adeigabea izatea? Agintariei maiz entzuten diegu esaten euskara zein garrantzitsua den, baina orduan, Euskaltzaindiak duen egoitza, zergatik tratatzen dute hain gaizki? Uste izatekoa da, izan, Euskaltzaindiaren egoitzak gure hizkuntzaren leku sakratua izan beharko lukeela, ikasketak eta ikerkuntza, euskararen inguruko gaiak arakatzeko, irtenbideak aztertu eta sortzeko, hizkuntza bera landu eta zaintzeko, behar eta dagokion moduan, bake berezia beharko lukeela, eta oreka eta errespetu osoa ere bai.

Nire ustez, nahikoa da, inguruko tabernek zein jendeak sortzen duen mugimenduarekin nahiz zaratarekin. Baina, horrez gainera, aurrean, gehienetan, txosnak ez badira musika, dantza, janari, eta edari erakustaldiak ere antolatzen dira, Bilboko jaietan, San Tomasen, edota beste horrenbeste ospakizunetan, behin eta berriro, gero eta gehiago, Udalak antolatutakoak. Ezin dira egitarauak aldatu eta eraman ekintza horiek guztiak beste leku batetara? Errespetu pittin bat zor diogu Akademiaren egoitzari, Euskaltzaindia bera den ezaugarriari.

Urte asko dira ondoko tabernan egunero kafea hartzen, eta, urtean zehar, Euskaltzaindiak jasotzen duenak bide makurra daramala esan behar dut. Aitor dut ni neu ere han egokitu naizela inoiz. Guztion ikurra darama, eta halako ikurra gainera, eta ahalegin guztiak egiten ditu bere izen ona mantentzeko, eta guztiok bera garrantzitsutzat ez eze, guztiz beharrezkotzat ere hartu beharko genuke. Pentsatu al dugu inoiz zer nolako eskandalua sortuko litzatekeen, esaterako, Parisen, Berlinen, Erroman, edota Madrilen bertako hizkuntz akademiaren aurrean halako zerbait gertatuko balitz? Nolanahi ere, arduragabekeria hori hemen besterik ez da gertatzen, munduan zehar ez baita holakorik inon egiten, eta jarrera bakan hau ikusita, neure buruari galdetzen diot zer nolako hiriaz eta gizarteaz ari garen. Honek guztiak zerbait erakusten eta esan nahi du, ezta?

Erbestetik datozen bisitariek ikusten dutenean Euskaltzaindiaren aurrea txosnaz beterik, edota jendetza han iskanbila sortzen, txahala botatzen, txiza egiten, Euskaltzaindiaren albo-alboan, zer pentsatu beharko dute gutaz eta gure kulturaz? Lehenengo eta behin, beren ezustekoa eta harridura agertu ondoren, beren buruari galde egingo diote, baina zertan dihardute hor? Ondoren hau eransteko, «gure herrian ez litzateke inoiz gertatuko halako errespetu gabeziarik gure hizkuntzaren zaintzailearekiko: Tira, agian bai, diktadura baten mende egotekotan». Hau ikusi eta entzun beharrak inoren buruarengan lotsa sentiarazten dit.

Gizarte eta hiri batek «chiringitoen» kultura bere hizkuntzarena baino gehiago babesten eta zaintzen duenean, horrek zeozer esan nahi du bere jendeaz, bere gizarteaz eta bere agintariez, ezta? Hau al da ba jardunbide zuzena ala zer demontre ote da? Gure ikurrak babestea zein garrantzitsua den gauza jakina omen da, zer esanik ez. Baiona itxuraz gure agintari batzuk ez dira oraindik horretaz konturatu. Batzuetan Plaza Barria monumentu historiko-artistikoa omen da, baina beste batzuetan, ordea, haurtzaindegia, futbol-zelaia, lapurretan lorturikoa saltzeko gunea, animalia denda, liburu zaharren saltoki edota kromoak trukatzeko lekua. Hau da hau kontraesana, Euskaltzaindiak, bizkitartean, zama pisutsuegia jasaten dihardu.

Bestalde, ildo horri jarraituz, burura datorkit egoera horren etsenplu adierazgarria izan daitekeena: udal agintariei eskatu zitzaienean Bilboko kale bati bertoko euskaltzale baten izena jartze- ko, Isaac Torrijos jauna, erantzuna ezezkoa izan omen zen, ezin zezaketelako aitzakiaz. Baina agintari hauek ez dute aipatzen Rafael Sanchez Mazas-en kasua, Franco-ren ministroa izanarena, Bilboko kale bat bere izenarekin daukana, eta frankismoaren hainbat sinbolo, dozenaka, segitzen dute babesten, «Memoria Historikoa»ren legea bete barik; «Sociedad Bilbai- na»-n, urrunago joan gabe. Egoera hau, eskizofrenikoa da. Ez du ez garunik ez zentzurik.

Bilbori buruz, sarritan hitz egiten da, eta politikariek zein bilbotar gehienek, oro har, eredutzat hartu eta saldu nahi dute hiria, sinbolo bezala, arkitekturaren ikuspuntutik, kulturgune gisa, antza denez, gizartearen gehiengoak onartzen eta babesten duelako. Edonola ere, hiri bat kanpotik lifting ona duena baina barrutik hutsik dagoena zer motatako hiria da? Karamelu baten azaleko papera dirudi Bilbo horrek. Kanpotik oso ederra, airos eta pinpirin, baina ahora sartu eta bera dastatzean, barrutik hain zapore gozorik ez.

Begiratu besterik ez dago, hiri hau bere gizartearen isla baino ez delako. Hauxe da saldu nahian dabiltzan hiria edo Bilbo marka, baina behin den-dena aztertuta, onartu ezina da bera ikurtzat hartzea, ezta munduan zehar saldu nahian ibiltzea ere, lotsagarria litzateke eta. Pentsatze hutsak beldurra sorrarazten dit. Nola aurkez daiteke munduan zehar halako hiria, gizarte honen sustraiak usteldurik baldin badaude? Gizarte honen gehiengo batek, azaleko gauzei garrantzia eman arren, badirudi funtsezkoei eta garrantzizkoei, aldiz, ez diela zor zaiena eskaintzen. Eta bien bitartean hobeto argi laburreko pertsonak bultzatzen jarraiki eta Euskaltzaindia bezalako euskal ikur-ereduak gutxiesten. Eta jada gaitza hedatu egin da. Zer egin honen aurrean? Isilik egon eta makurturik jardun ala behingoz uztarpetik irten? Badugu garaia gehiago itzulinguruka ez ibiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo