Analisia | Britainia Handiko sari nagusia
Estrategia akatsa?
Ferrarik Fernando Alonsoren autoari gurpilak azkarregi aldatu izana estrategia akats moduan saldu du hainbat komunikabidek. Egileak, ordea, hainbat datu jartzen ditu mahai gainean, erabaki hori bere osotasunean ulertu ahal izateko.
Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria
Webberren garaipena nolabaiteko ezustekoa izan zen, nola irabazi zuen ikusita. Izan ere, Alonso aurreratu aurretik, 40. itzulira arte (12ren faltan), ez zirudien Alonso aurreratzeko aukera izango zuenik. Oraingo honetan ez dago aurten normalean suertatu diren arrazoi konplexuak bilatu beharrik (bakoitzaren gurpilen degradazio maila desberdinak, eta abar). Esango nuke azalpena oraingoan hori baino sinpleagoa dela: Ferraria ez zen beste autoak bezain azkarra gurpil bigunekin. McLarenak bezain motelak ziren. Gurpil gogorrekin egoera desberdina izan zen; soilik Vettelek eta Lotusek lortu zuten Ferrarik gurpil gogorrarekin zeraman erritmoari eustea.
Igandeko lasterketako denborak analizatzen badituzue, Alonsoren azken «stint»-ean ez duzue degradazio seinalerik bilatuko. Alonsok lasterketa hasieran abiadura lehiakorra eraman zuen, tartea ateraz. Vettelek erritmo ona zeraman, baina Schumi eta Massaren atzean harrapatuta zegoen eta kontaktua galdu zuen. Hori konpondu nahian geldialdia aurreratu zuen; trafikoarekin denbora apur bat gehiago galdu zuen, baina ondoren Webber baino azkarragoa izan zen lasterketaren gainontzeko itzulietan. Bigarren stinta oso parekatua izan zen guztientzat, pneumatiko gogorrekin. Azken stintean Alonso RedBullak baino 0.5 s inguru motelagoa zen gurpil bigunetan. RedBullak erritmo beretsua erakutsi zuen bi gurpil motekin. Baina gurpil gogorrekin Ferrariaren abantaila ikusita, zergatik egin zuen Alonsok bere lehen geldialdia hain goiz?
Lasterketa amaitu ondoren akatsak bilatzea erraza da. Garaipena lortzeko Alonsok gurpil bigunekin ahalik eta itzuli gutxien egin beharko lituzke, lehenengo geldialdia atzeratuz, edota bigarrena. Edozein kasutan, asteburuan zehar Silverstonen izan zuten eguraldia zela-eta, ostiralean ez zuten lasterketako erritmoa probatzeko aukerarik izan. Badirudi, dena den, Ferrarik bazekiela gurpil bigunekin motelagoa zela eta horregatik haiekin burututako itzuli kopurua minimizatu nahi zuten.
Baina diferentziak kuantifikatzeko erreferentziak falta zitzaizkien. Horretarako beraien bigarren arma erabili zuten: Massa. Lehen stintean bigunetan bidali zuten pistara, gurpilen portaerari buruz bildutako datuak Alonsorentzat erabiltzeko. Litekeena da erreferentzia honek azkenean Ferrariren akatsa eragin izana. Izan ere, Massaren denborak begiratuta, Ferrariak ez zirudien horren motela gurpil bigunekin.
Dena den, Alonsok burua hotz mantentzea lortu zuen, gurpilak gehiegi kargatu gabe autoa helmugara eramanez, txapelketara begira oso baliagarriak diren puntuak lortuz. Maranellokoak lan paregabea egiten ari dira aurtengo autoarekin, eta horren seinale garbiena Massaren emaitzen hobekuntza da. Egia da italiarrek agian hanka-sartzeren bat edo beste izan dutela estrategiari dagokionez, baina oro har konsistentzia erakusten ari dira aukerak aprobetxatuz.
Azkenik, Maria De Villotaren istripuaren harira, zorte benetan txarra izan du eta penagarria da. Izan ere, epe laburrean sari nagusi bat lehiatzera iristeko gaitasuna duen gidaria da. Aspalditik ari zen helburu horrekin etengabe lanean, orain arte gizonezkoez osatutako kirol batean, hori zailtasun gehigarria izan daitekeela. Honelako istripu bat gertatzen denean, zerbaitek behar bezala funtzionatzen ez duen seinale da; beraz, hobetu egin beharko litzateke. FIA pilotuen erakundeak eta taldeek modu eraginkorrago batean lan egin beharko lukete, mota honetako istripuen arrazoiak behar bezala mahai gainean jarri eta beharrezkoak diren aldaketak zuzenean, ahalik eta azkarren, martxan jartzeko. Bidegabekoa da gertatu zaiona, ea lehen baino lehen indarberritzen den.